Irun, COVID-19aren eremu gorrian sartzear
100.000 biztanleko tasa 493an kokatu da. Atzo, 34 kutsatu gehiago atzeman ziren. Hurrengo egunetako bilakaerak esango du eremu gorrian sartzen den ala ez.
Irunen 100.000 biztanleko COVID-19aren tasa 493ra iritsi da. Hortaz, koronabirusaren kutsatze maila oso altua duten udalerrien zerrendan sartzear da, eremu gorria deiturikoan.
Atzo, 34 positibo gehiago atzeman ziren hirian. Asteartean 22 izan ziren, eta astelehenean 33. Datu horiengatik eta aurreko egunetakoengatik joan da gora, nabarmen azken egunetan, hiriko tasa.
Ikusi beharko da hurrengo egunetan zein bilakaera duten datuek. Horren arabera, Jaurlaritzak zonalde gorrira eramango luke hiria: hiria bakartuta geldituko litzateke (baimendutako jarduerak egiteko atera edo sar liteke bakarrik bertan), ostalaritzak itxi beharko luke, eta kirol arloan hainbat murriztapen ezarriko lirateke.