2021eko udal aurrekontuetarako zenbait proposamen egin ditu EH Bilduk
Koronabirusaren pandemiak areagotu duen krisi garai honetan, «inor atzean utziko ez bada, instituzioek beharrak dituzten herritar eta sektoreetatik gertu» egon behar dutela uste dute.
Irungo EH Bildu taldea 2021eko udal aurrekontuari begira jarri da, eta jada zenbait proposamen helarazi dizkio udal gobernuari. Koronabirusaren pandemiak areagotu duen krisi garai honetan, sistema publiko baten garrantzia nabarmendu dute eta «inor atzean utziko ez bada, instituzioek beharrak dituzten herritar eta sektoreetatik gertu» egon behar dutela esan dute gaur udaletxean Jokin Melida, Oihana Briones eta Ane Unanue ordezkariek.
Datozen hilabeteotan proposamen gehiago aurkeztuko dituztela iragarri dute, baina momentuz, honakoak egin dizkiote udal gobernuari:
Lehenik, udal zerbitzuen deszentralizazioa proposatu dute, «udal zerbitzuak beharrak dituztenengana gerturatu behar baitira, are gehiago krisi garai honetan». Online bidez administrazioarekin harremanetan jartzeko aukera egokitzat jo badute ere, errealitate hori esparru guztietara ez dela iristen esan dute, esaterako, adineko pertsona askotara. Zentzu horretan hainbat zerbitzuk aurrez-aurrekoak behar dutela izan defendatu dute. Horregatik, lau auzo bulegoren sorrera proposatu dute, erdigunetik urrun bizi diren askok udal zerbitzu horiek euren auzoetan eskuragarri izan ditzaten. Gizarte zerbitzuak (harrera unitatea eta lehen mailako arreta) eta herritarrentzako arreta (HAZ eta kontsumo bulegoa) gerturatzea proposatu dute. Honetarako 1,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du koalizio subiranistak.
Bestalde, berraktibazio sozioekonomikorako udalak aurkeztutako planari 3 milioi euro gehitzea proposatu dute, pandemiak egoera kritikoan utzi dituen sektoreei laguntzeko asmoz. «Neurri murriztaileen eraginez euren ohiko jarduna moldatu behar izan dute eta beharrezkoa da bideratu zaizkien laguntzak zabaltzea, esparru eta ekimen gehiagoetara irits daitezen. Sektoreek euren lanarekin jarraitzeko eta lanpostuak bermatzeko babesa izan dezaten».
Amaitzeko, hiriko alde zaharreko eremu degradatuak berronerazteko eta biziberritzeko plan bat proposatu dute, 2 milioi euro ingurukoa. Papinea bezalako eremuetan esku hartzeko premia nabarmendu dute, «eremu hori espekulazio orotatik aldentzeko, eta aurreko urtean EH Bilduk adostu zuen etxebizitza parke publikoa handitzeko» asmoz. Proposamen honekin, kontrola eta protagonismoa udalaren eskura bueltatzeaz gain, «eremu degradatu hori zaharberritu» eta Dunboako ubideko ibai-ibarra leheneratzea lortuko dutela erantsi dute.
Aipatutako hiru proposamenak «pertsonak politiken erdigunean jartzen dituztenak» direla esan dute EH Bildutik. «Pentsatzen dugu ustez ezkerrekoa den gobernu batek ez lukeela gure proposamenak onartzeko zailtasunik izan beharko. Eta horretarako gure prestutasuna adierazten dugu, beti ere, irundarron bizi-baldintzak hobetu asmoz», erantsi dute gaurko agerraldian.