Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei elkartasuna adieraziko diete bihar
Bidasoko Ernaik 17:00etan elkarretaratzera deitu ditu irundarrak, bikotearen kontra eskatutako zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna salatzeko.
Bidasoko Ernai gazte mugimenduak mobilizazioa egingo du bihar (hilak 21) Irungo San Juan plazan, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteekin elkartasunez. 17:00etan elkartuko dira San Juan plazan, eta eskualde osoko herritarrei bertaratzeko deia egin die Ernaik.
Hil hasieran Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen bientzat. 2019ko otsailean atxilotu zuen Ertzaintzak bikote gaztea, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Orduan espetxeratu zituzten, eta handik hilabete gutxira atera ziren, 6.000 euroko berma ordainduta. Baldintzapeko askatasunean utzi zituzten, epaiketa iritsi bitartean. Bihar (hilak 21) eta etzi (hilak 22) epaituko dituzte, Madrilen.
«Irungo gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko. Espainiar estatuak berriro ere, bere makinaria errepresibo guztia martxan jarri du, bere izaera inposatzaile eta autoritarioa erakutsiz. Justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez epaituko dituzte Aitor eta Galder; herri honen askatasun grina zapuzteko sortu zuten salbuespen legediaz eta espainiar proiektu atzerakoiaren interesen arabera agintzen duen Audientzia Nazionalean. Gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu», esan dute Ernaiko kideek.
Era berean, gogor salatu dute «gatazka armatua betikotzeko» Espainiako Estatuak daraman etengabeko saiakera. Gatazkaren konponbidea blokeatzea leporatu diote, «euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabaki dezagun galarazi nahian».