«Energia eskubide bezala aitortuko duen» euskal eredu baten alde egin du Eskubide Sozialen Kartak
Argindarraren bataz-besteko prezioaren igoera gogor salatzeaz gain, «energetikoki buruaskiak diren eskualdez osaturiko Euskal Herri berri bati bidea emateko» premia nabarmendu du Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak.
Argindarraren bataz-besteko prezioaren igoeraren harira, Bidasoko Eskubide Sozialen Kartaren Topagunea osatzen duten eragile eta norbanakoek irakurketa bat elkarbanatu nahi izan dute bidasoarrekin. Hedabideei bidalitako ohar batean igoera gogor salatzeaz gain, «energia eskubide bezala aitortuko duen» euskal eredu baten alde egin dute.
«Hotz ufadaren erdi erdian argi indarraren bataz-besteko prezioa % 27 igoarazi dute. Aipatu oligopolioek 2021ari hasiera emateko, argiaren prezioa nabarmen igo dute», esan dute lehenik.
Hego Euskal Herriko etxebizitzen %6,3a prezioaren igoera ezarri aurretik ere «pobrezia energetikoan» bizitzen zela salatu dute, eta igoera honek egoera hori larritu eta familia gehiago egoera horretara eraman dituela.
«Edozein justizia sozial printzipioen kontra doan erabaki» horren aurrean, honakoa esan nahi izan dute: energia bizitzarako oinarrizko eskubide bat dela, ezin dela merkantzia bat bezala ulertu; ezin dela onartu energia merkatuaren «egungo izaera oligopolikoa», eta enpresa hauen publifikazioa ezinbestekoa dela; eta azkenik, Iberdrolaren jarrera gogor salatu nahi izan dute. Enpresa honen arrakastaren jatorria frankismoa dela diote, eta haren espantsioa «hego Amerikaren arpilaketan eta hilketetan» oinarritutakoa dela. Euskal Herria jazartzen duen elite korporatiboaren zutoin gisa definitu dute Iberdrola.
Espainia zein Frantziako Estatuek babesten duten eredu kapitalista gainditu eta justizia soziala ardatz izango duen euskal eredua eraikitzeko premia nabarmendu dute eragileek, «klase popularraren mesedetan eraikia izango dena». Horretarako energia zerbitzu publiko burujabe baten aldeko mezua helarazi dute, «energetikoki buruaskiak diren eskualdez osaturiko Euskal Herri berri bati bide emanez».