Emakumeen Etxea Istillaga plazan egongo dela iragarri du udalak
Behin behineko gunea Ikust Alaia eraikinean kokatu dute. Istillaga plaza 8 zenbakiko lanak, 2021. urtea amaitu baino lehen bukatzea aurreikusten dute.
Irungo Emakumeen Etxea non egongo den erabakitzeko “aukera ugari” aztertu dituztela esanez hasi du iragarpen saioa Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak. Istillaga plaza 8 izan da aukeratu duten lekua. Lokalak 280 metro koadro dituela aurreratu du Etxebestek eta bere esanetan, gunea erabat irisgarria da, hiriaren erdigunean dago kokatuta eta jabetza udalarena da.
Behin-behineko zerbitzua Ikust Alaia etxean eskainiko dute. Bitartean, aukeratutako gunearen lanak gauzatuko dituzte. “Orokorrean, oso luzeak izan ohi diren hirigintzako proiektuen ohiko epeak laburtuz” dio Berdintasun zinegotziak.
Aurtengo aurrekontuetan proiektu honi buruzko partida zehatza jasoko dutela adierazi du Etxebestek. Zirriborroan 170.000 euro jaso dira proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta egokitzapen obrak amaitzeko. 2022ko aurrekontuei begira, 330.000 euro baino gehiagoko ekarpena egitea espero dute udaletik. Udal gobernuak, proiektua ekonomikoki bideragarria dela ziurtatu du eta diru publikoa eraginkortasunez eta zentzuz administratzeko euren konpromisoa adierazi dute.
Prozesu parte hartzaile irekia martxan jarri zen Emakumearen Etxearen beharren programa adosteko. Azaroan, bilera ireki hauek egiteari utzi zioten bertan parte hartzen ari ziren emakumeek hala eskatuta. Osasun neurriak medio, era telematikoan ari ziren egiten bilera hauek eta emakumeek batzar hauek presentzialak izan zitezen eskatu zuten.
Orain, Berdintasun zinegotziak esan du prozesu honekin jarraitzeko “formulak aztertzen” ari direla, osasun neurri guztiak bermatuta aurrera egin ahal izateko.
Bukatzeko, Etxebestek adierazi du, prozesu horretatik ateratako emaitzetan oinarrituko direla behin betiko gunea definitzeko eta adierazpen hau betetzeko konpromisoa hartu du.