Asfaltatze lanei berrekingo diote
Asteazkenean hasiko dira berriz asfaltatze lanekin hirian zehar. Lehenik, Vega de Eguzkitza kalea berrituko dute, trafikoa astebetez Virgen Milagrosa karrikara desbideratuz.
Asfaltatze lanen bigarren fasea asteazken honetan hasiko dela adierazi dute udaletik. Guztira, 709.877,54 euro erabiliko dituzte eta lanak sei hilabetetan egingo dituztela jakinarazi dute.
Joan den urte amaieran, Landetxa auzoko Andrearriaga kalea edota Letxunborro Hiribideko hainbat zati berritu zituzten, baita Anaka auzoko Misionero Lekuona edota Julian Gaiarre kaleak ere.
Aste honetan berrekingo dituzten lanak, Vega de Eguzkitza kalearen hobetzearekin hasiko dira. Errepidea moztuta egongo da astebetez eta Virgen Milagrosara bideratuko dituzte bertatik pasa nahi dituzten ibilgailuak.
Ondoren, karrika hauek asfaltatuko dituztela eman dute aditzera: Bizkaia, Urdanibia hotelaren ondoko behe pasabidea, Curtidores, Luis de Uranzu, Señor de Aranzate, Policarpo Balzola, Cesar Figuerido, Maria Juncal Labandibar eta Atalaia hoteleko biribilgunerako sarbidea.