"Euskal herritarrontzat ez da mugarik, eta horrela jarraitzea nahi dugu"
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugaren itxierak bildu ditu bizilagunak Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian, 'EH Bai'-k deitutako mobilizazioarekin bat eginez.
200 bat lagun bildu dira Berruetan (Sara) eta Irungo Santiago zubian EH Bai mugimenduak deitutako elkarretaratzeetan, herenegun Frantziako Estatuak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga partzialki itxi izana gaitzesteko.
Arturo Villanuevak EH Bai mugimenduaren izenean hartu du hitza gogora ekarriz egoera ez dela berria, azken hilabeteetan, eta are gehiago COVID-19aren egoeran, halako erabakien ondorioak pairatu behar izan dituztelako herritarrek.
Villanuevak iritzi du Espainiako eta Frantziako Estatuak erabakiak hartzen ari direla bizilagunen nahien eta eguneroko beharren gainetik: “Guk egunerokoan bizitza arrunta egiten dugu, euskal herritarrontzat ez da mugarik, eta horrela jarraitzea nahi dugu”.
Mugaren itxierak eragindako indar militar eta polizialen mobilizazioak ere salatu ditu EH Bai -k, izan ere, 4.800 polizia, jendarme eta militar zuzendu dituzte Baigorriko opor zentroan instalatu berri duten militar kanpalekura. Ekintza hori “autoritarismoaren indartze ilogikotzat” dauka EH Bai mugimenduak: “4.800 militar eta polizia erabiltzea egoera honetan, noiz eta erizainak eta sendagileak behar ditugunean. Guk bizitzaren aldeko apustua egiten dugu beste behin ere, eta horregatik salatzen dugu azken erabakia”.