Aldi baterako 58 lanpostu sortuko ditu udalak iazko Lanbideren diru laguntzei esker
Lanbidek luzatutako 1.904.177,42€ erabiliko ditu udalak sektore publikoko eta hirugarren sektoreko entitateetako aldi baterako kontratazioak burutzeko, baita enpresei orain indarrean dauden kontratuekin laguntzeko.
Gaur udalak Lanbiderekin elkarlanean sortuko dituzten lanpostuen inguruan informatu du. Azaldu dute, Lanbidek 1.904.177,42 euroko aurrekontua luzatu ziela joan den urtean horretarako.
Orotara, 235 lanpostu sortzea aurreikusi du Miguel Angel Paez ekonomia eta Ogasun ordezkariak. Enpleguak sortzerakoan, Irun Ekintzan ekimenarekin bat egiten jarraitu dutela berretsi dute udaletxetik.
Diruaren ia erdia, 806.177,42 euro, udalak zuzenean proposatu dituen lanpostuak sortzera bideratu dute eta beste 1.098.000 euro Irungo enpresa pribatuei laguntzeko erabiliko dituzte.
Oraingoz, ez dute aurrekontu osoa erabili eta guztira 58 enplegu sortzeko asmoa adierazi du udalak. Aldi baterako kontratazioak izango dira batez ere, “gehienak sei hilabetekoak”, hala adierazi dute.
Beraz, enpresa pribatuei bideratutako dirulaguntzak martxan jartzea falta da, udalaren azalpenen arabera.
Udalak proposatu dituen lanpostuetatik, kontratu batzuk udaletxeak zuzenean kudeatuko ditu, sektore publikoko 38 lanposturi eraginez. Gaineratu dute, Bidasoa Bizirik, elkarte publikoa denerako 7 pertsonei eskaini dietela lanpostua eta beste 13 lan plaza zabaldu dituztela hirugarren sektoreko enpresen bidez kontratazioak burutzeko.
2020an kontratazioak egin dituzten eta hori dela eta laguntza hauek jaso nahi dituzten enpresek, oinarriak argitaratu ondoren egin beharko dute eskaera. Oinarriak, urtea amaitu baino lehen argitaratzea espero dute.