Irungo Zarataren Aurkako Ekintza Plana betetzeko eskatu du EAJk
Hiriak jasaten duen kutsadura akustikoaren arazoari «gogor heltzeko» eskatu diote udal gobernuari, «arazo hori ahal bezala murrizteko».
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy eta Miren Guezuragak agerraldia eskaini dute Anzaran Auzo Elkartearen egoitzaren aurrean. Kezkati agertu dira hiriak jasaten duen kutsadura akustikoarekin, eta 2017an udal gobernuak ezarritako Zarataren Aurkako Ekintza Planean jasotako neurriak betetzeko exijitu diote udal gobernuari.
«Kutsadura akustikoa, ikusezina bada ere, izugarri kaltegarria izan daiteke osasunerako. Batez ere auzokideen arteko ondoezak eta bizikidetza arazo kezkagarriak eragiten dituenean. Egia da, gaur egun, konfinamenduaren eta osasun neurrien ondorioz, inguruneko gehiegizko zarata hori gutxitu egin dela, baina, horregatik, udalak ez du ahaztu eta saihestu behar arazo horren aurkako ekintza plana. Izan ere, lehenago edo geroago, arazoa itzuli egingo da. Bizi dugun pandemia egoerak hobera egingo du, eta gobernuak bere lana orain egiten ez badu, Irunek berriro jasango du arazo hori», esan du bozeramaileak.
Horregatik arazo horri «gogor heltzeko» eskatu diote udal gobernuari, «arazo hori ahal bezala murrizteko». 2017an onartutako Zarataren Aurkako Ekintza Planean jasotako konpromisoak betetzeko eskatu diote era berean. «Tamalez, oraindik ez dira planeko neurri asko martxan jarri». Zentzu horretan udalak ez duela udal aholkularitza kontseilu bakar bat ere deitu ere salatu nahi izan dute jeltzaleek. «Ez hiriko gizarte eragileek, ez auzo elkarteek, eta ezta talde politikoek ere ezin izan ditugu Ekintza Planean hartutako neurriak ebaluatu eta kontrolatu. Eta udal gobernuak ez digu noski lortutako emaitzen berri eman», erantsi dute gaurko agerraldian.
«Gobernuak ez al du kutsadura akustikoa arazo larritzat hartzen? Edo ez al zaio plan honi heldu nahi izan
arazo garrantzitsu bat egotea oso deserosoa eta azalekoa delako?», erantsi dute.
Arazo honi irtenbide emateko neurri ugari planteatu dituztela gogoratu dute EAJtik, esaterako, zarataren aurkako pantailak jartzeko beharra aztertzeko partida bat proposatu zuten, Alcaldia de Sacas kalearen inguruan, Zaisa III bidearen aurrean eta Anzaranen, Adif-eko trenbidearen aurrean. Era berean, dezibelio neurgailuak erosteko ere eskatu diote udal gobernuari azken urteetan. Halere, oraindik proposamen hauek ez direla aurrera eraman salatu dute.
«Irunen dagoen kutsadura akustikoa arintzeko udal gobernuak lanean hasi behar du. Mehatxu ikusezin horren eragina murriztu behar da. Txantxa badirudi ere, COVID-19a aukera bat eskaintzen ari zaigu. Arazoari aurrea hartzeko aukera. Zaratari irtenbidea ematea lehentasuna da. Lehen bai lehen herritarrak hainbeste kezkatzen dituen kutsadura foku horri egoki erantzun behar zaio», esanez amaitu dute gaurkoa.