Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxiko dute bihartik aurrera, partzialki
Zortzi pasabide itxiko dituzte bihartik aurrera. Halere, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga zabalik egongo dira.
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga partzialki ixtea erabaki berri du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Bihartik (hilak 14) aurrera itxiko dute, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko, Schengen eremuaren barneko mugaz gaindiko zirkulazioaren kontrola beharrezkoa baita» prefeturaren arabera. Gaineratu dutenez, kontrolak «indartu eta arrazionalizatzeko» hartu dute neurria. Halere, itxialdiak trafikoan «eragin mugatua» izango duela nabarmendu dute.
Hala, Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria eta Hendaiako merkantzia zubia itxiko dituzte. Gainerako pasabideek zabalik jarraituko dute, hala nola, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga. Autoak eta oinezkoak hemendik pasatzeko gonbita luzatu dute.
Oraindik ez dute zehaztu noiz arte iraungo duen itxialdiak.