Etxegabetzeei aurre egiteko plan integrala eskatu du EH Bilduk
Kaleratze arriskuan dagoen adineko bikotearentzako eta horrelako kasu bat ematen denerako etxeak izan ditzan eta etxebizitza hutsen benetako kudeaketa egin dezan eskatu diote udal gobernuari, «Irunen inork kalean lo egin ez dezan».
Irungo adineko bikote batek jaso berri duen etxe kaleratze aginduaren harira, Irungo EH Bildu taldeak eskaera zuzena egin dio udal gobernuari: etxegabetzeei aurre egiteko plan integral bat egin dezan.
«Irungo adineko bikote bat kaleratze arriskuan dago. Bikoteak, egoerak hala behartuta, banketxe baten esku utzi zuen bere etxebizitza orain hiru urte, bertan bizitzen jarraitu ahal izateko alokairu kontratua sinatuz. Orain baina, banketxeak kontratua ez berritzea erabaki du, bi irundarrak etxegabetze arriskuan utzita. Duela aste gutxi batzuk, Irunen
ere, 80 urteko emakume bat etxetik kaleratua izan zen, alokairua ordaindu ezin zuelako, eta beste hainbatek ere bere etxetik botatzeko agindua jaso dute», esan dute koalizio subiranistako kideek.
Kasu hauek salbuespenak ez direla nabarmendu nahi izan dute, «ez direla kasu isolatuak». Taldetik diotenez, hilabeteak eman dituzte etxebizitza duina izateko eskubidea politika publikoen erdigunean jartzeko aldarrikatzen, are gehiago pandemiak areagotu duen krisi honetan.
Kaleratze arriskuan dagoen bikotearekin bitartekari lanak egiteko udal gobernuak hartutako konpromisoa begi onez ikusi du taldeak, baina argi dute udala ezin dela horretara mugatu. «Udalak kaleratzeei aurre egiteko plan integral bat egin behar du. Muturreko egoerak eman aurretik kasuak aurreikusi eta bere eskumen guztiak baliatuz eta gainerako erakundeen aurrean beharrezkoak diren kudeaketak eginez, egoera ezberdinei irtenbide egokia bilatu behar die», erantsi dute.
Zentzu horretan udalak etxegabetze kasu hauetarako etxeak izan ditzan eta etxebizitza hutsen benetako kudeaketa egin dezan eskatu diote, «Irunen inork kalean lo egin ez dezan».