'Bidasoko Deportatuak' erakusketak geldialdia egingo du Irunen
Hilaren 30era bitarte bisitatu daiteke Kepa Ordokiren erakusketa, Oiasso Erromatar Museoan. 1936ko gerraren ondorioz edota Bigarren Mundu Gerran zehar deportatuak izan ziren 90 bidasoarren izenak bildu dituzte.
Bera eta Hondarribia bisitatu ostean, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen Bidasoko Deportatuak erakusketa ibiltaria Irunera heltzear da. Ostiraletik (hilak 15) bisitatzeko aukera izango dute irundarrek, Oiasso Erromatar Museoan. Hilaren 30era bitarte bertan jarraituko du erakusketak, museoaren ohiko ordutegian.
Erakusketan elkarteak azken urtean egindako ikerketaren emaitza ikus daiteke. 1936ko gerraren ondorioz edota Bigarren Mundu Gerran zehar deportatuak izan ziren 90 bidasoarren izenak bildu dituzte, eta horiek atxilotze edo akabatze esparruetan bortxaz eman beharreko urteen testigantza jaso. Guztira, 27 panel jarri dituzte Oiasson.
Asteartetik igandera bitarte bisitatu daiteke erakusketa; astearte, asteazken eta igandetan 10:00etatik 14:00etara eta ostegun, ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Erakusketari lotuta, Etxahun Galparsoro historialariak naziek deportatutako hego euskal herritarren gaineko hitzaldia eskainiko du hilaren 29an (ostirala da), museoan bertan, 19:00etan.