Martxan da Oiasso museoaren 2021eko jarduera programa
Aurtengo helburu nagusia iazko emaitzak hobetzea izango da, pandemiagatik bisitarien kopurua %64a jaitsi baita. Halere, webgunearen bisitek gora egin dute.
Oiasso Erromatar Museoak 2021eko jarduera programa aurkeztu berri du. Urtarrila eta otsailerako antolatutako zenbait jarduera aurreratu ditu udaleko kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirrek.
Baina aurretik, COVID-19ak baldintzatutako 2020aren gaineko balorazioa egin dute museoko eta udaleko ordezkariek. «COVID-19ak ekarritako osasun krisiak eta haren ondorioek funtsezko eragina izan dute Oiasso Erromatar Museoaren 2020ko balantzean. Izan ere, alarma egoeraren ondorioz, aurrez aurreko jarduna eten egin zen, eta, behin berriro jarri zenean martxan, museoaren funtzionamendua indarrean sartzen zihoazen araudien mende geratu zen, gaur arte», diote museotik. Hala, guztira, 11.489 bisitari eta erabiltzaile izan ditu 2020an, aurreko urtean baino %64 gutxiago. Halere, urte osorako aurreikusitako jarduera gehienak egiteko aukera izan dutela nabarmendu dute. Itxierarekin batera, gainera, museoaren webgunearen erabiltzaileen kopurua ere nabarmen handitu da, %12a.
Juncal Eizaguirre kultura ordezkariak gaineratu nahi izan duen bezala, «2020ko bisitarien datua eta aurrez aurreko jardunaren beherakada pandemia honek kultura sektorean izan duen eraginaren beste adierazgarri bat dira. Hala ere, lanean jarraitzen dugu, bizitzen ari garen egoera zailera egokitutako programazio bat eskaintzeko, kultura seguruaren alde egiteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta».
2021erako prest
Datozen hilabeteei begira museoaren helburu nagusia iazko emaitzak hobetzea izango da. Horretarako, urteko lehen hilabeteetako agenda betetzen hasi dira. Lehena, ostegun honetan (hilak 14) izango da, 19:00etan. Arduraz komunikatu dezagun. Komunikabideok ere indarkeria matxistaren aurka dokumentala aurkeztuko dute museoan, Antxeta Irratiaren eskutik. Hilaren 16an (larunbata da) berriz, Kepa Ordoki elkartearen Bidasoko deportatuak erakusketak hartuko du museoa; azkenik, hilaren 22an (ostirala da), 19:00etan, Musika Museoan programa itzuliko da, EIA Hirukotearen emanaldiarekin. Jarduera guztiak doakoak izango direla aurreratu du museoak.
Era berean, Mertxe Trantxe ikertzaileak gidatutako literatur tertulien lehen saioa egingo dute otsailaren 15ean (astelehena da), 19:00etatik aurrera. El ladron de tumbas liburuaz ariko dira. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, 943 639 353 telefono zenbakira deituta.