Hiru urteko borroka kalean ospatuko dute pentsiodunek
2018ko urtarrilaren 15ean elkartu ziren lehenengoz San Juan plazan, eta «hiru urteren ostean oraindik ere tinko jarraitzen» dutela erakutsiko dute.
Datorren asteleheneko (hilak 18) pentsio duinen aldeko elkarretaratzea berezia izango da. Izan ere, hiru urteko borroka ospatuko du Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak, nola ez, pentsio duinak aldarrikatuz kalean. 2018ko urtarrilaren 15ean elkartu ziren lehenengoz San Juan plazan, eta «hiru urteren ostean oraindik tinko jarraitzen» dutela erakutsiko dute. «Hiru urte hauetan borroka eta kontzentrazioak egin ditugu, eta berdin jarraitzen dugu. Datorren astelehenean, hilak 18, efemeride hori ospatuko dugu, gure eskaeren defentsan zergatik hasi ginen eta sinesmen berarekin jarraitzen dugula gogora ekarriz», esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Irungo herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita. 12:00etan elkartuko dira.