Amute eta Talaia inguruan bizikletentzako aparkalekuak jarri ditu udalak
Azaroan zehar Bordari ikastetxean, Mendelun, Portuko elizan, Uria Harresian, San Nikolas zubian, eta euskaltegian jarritako aparkaleku eskaintza osatzera dator esku hartzea.
Hondarribiko Udalak bizikletak aparkatzeko hainbat gune jarri ditu Talaia institutuaren inguruan eta Amute auzoan, Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak ezagutarazi duenez. «Azaroan zehar Bordari ikastetxean, Mendelun, Portuko elizaren atzealdean, Uria Harresian, San Nikolas zubiaren aurrean, eta Jostaldi frontoiaren inguruan, euskaltegiaren parean, jarri genituen bizikletentzako aparkalekuak», azaldu du Silanesek. Azken bi kokagune hauek ere «oso erabiliak» izango direla uste du hautetsiak.
«Uda hilabeteetan hondartza inguruan jarri genituen guneak dira. Orain beste erabilera bat eman nahi izan diogu, eta, beraz, herritarren hainbat iradokizun jaso eta udalean bertan aztertu ondoren, Hondarribian zehar jarri ditugu», erantsi du.
Esku hartzeak Hondarribia Mugitzen ari da proiektuaren baitan kokatu du agintariak. «Herritarrek ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzea eta bizikleta gehiagotan hartzea da helburua», amaitu du Silanesek.