Irungo eragile ugarik biharko manifestazioarekin bat egin dute
Bidasoko Sarek deitutako mobilizazioa babestu dute alderdi, sindikatu eta elkarte ugarik. 17:00etan abiatuko dira San Juan plazatik.
Biharko (hilak 9) Sare Herritarrak deitutako manifestazioak geroz eta babes handiagoa du. Hiriko eragile ugarik babestu dute biharko mobilizazioa, eta bertaratzeko gonbita egin diete irundar guztiei.
«Izan bidea dinamikaren baitan beste urrats bat emateko garaia da. Presoen auzia konpontzea premiazkoa dela uste dugu. COVID-19ak inoiz baino argiago utzi du espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak. Horregatik, eta bide horretan, guztioi dagokigu urratsak ematea, aktibatzea eta mobilizatzea, bakea, elkarbizitza, konponbidea eta presoak etxeratzeko bide horretan urratsak ematea», diote Bidasoko Saretik.
Ondorengoak dira, azken egunetan euskal presoen aldeko mobilizazioa babestu dutenak: Irunabar bertso eskola, Irungo zenbait artista, Irungo Gure Esku-ko kideak, Kepa Ordoki elkartea, Bidasoa Koop-eko kideak, Irungo Euskalgintzako kideak, Su Txikian elkarte feministako kideak, Irungo preso ohiak, Ernaiko kideak, Irungo Ikama, Lakaxita Gaztetxeko kideak, Irungo LAB, Irungo ELA, Irungo EHBildu, Irungo Podemos-Ahal dugu, Abotsanitz, Irungo Sortu eta Irungo Pentsiodun mugimenduko kideak.