[Erreportajea] Erraldoiak iraulitako irribarrea
Amazonek gune logistiko berria Lanbarren industrialdean kokatu behar duela ezagutarazi zuenetik hamaika izan dira protestara jo duten eragileak. Tokiko merkataritza kolokan dagoela diote denek.
Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Amazon erraldoiak Oarsoaldera emandako saltoak ez ditu herritarrak ezustean harrapatu. Euskal Herrian, Trapagaranen (Bizkaia) kokatutako lehen gune logistikoaren ondoren, Oiartzungo Lanbarren industrialdean egoitza berri bat zabaltzea erabaki du Jeff Bezosek, munduko pertsonarik aberatsenetarikoak, zuzendutako multinazionalak. Are gehiago 2020. urtean bizitako pandemiak online merkataritzaren garrantzia eta goraldia agerian utzi ondoren.
Azaroan ezagutarazi zen baieztatu gabeko lehen albistea: Lanbarren industrialdean kokatutako San Jose Lopez (SJL) garraio enpresak logistika azpiegiturak inbertsio funts bati saldu ondoren, AEBtan sortutako erraldoiak jarduera ekonomikoa bertan garatzeko asmoa agertu zuen. Handik gutxira SJL enpresako zuzendaritzak zurrumurrua baieztatu zuen.
Garapen ekonomikoaren zein osasunaren kaltetan, online enpresek eta gizarteak hartutako joera berriek kezka eragiten dute, hala ere, hainbat sektorerengan. Hori izan da, hain justu, Oarsoaldeko zein Bidasoaldeko hainbat eragilek adierazitako ezinegona. Tankera horretako multinazional batek «tokiko merkataritzaren eta ekonomiaren zirkuitu hurbilen suntsipena dakar», adierazi du Kristina Gete Oarso Bidasoko Egin Irri, Izan Herri mugimenduko kideak. Amazon ezartzearen kontra daudenak antolatu dira bertan. Multinazionalek inguruko herrietan eragin «oso larriak» dituztela iritzi dio; batetik, «enpresa txikiak desagerrarazten» dituzte, eta bestetik langileak «prekaritatera» kondenatzen dituzte «lan harremanak duintasunetik aldenduz». Gainera, Euskal Herriko ekonomiak azken hamarkadetan hirugarren sektoreari emandako bultzadak egoera larriagotu duela uste du Getek, «galtzaileak» zeintzuk diren argi utziz: «Tokian tokiko merkatalgune txikiak, herria bizirik mantentzen dituzten eragileak, eta, dudarik gabe, langile gazte zein helduak».
Ildo horretan, ingurumenari eragindako kaltea ere hizpide izan du. Izan ere, Bezosek zuzendutako enpresari kutsadura handia sortzea leporatu diote behin baino gehiagotan. Kritikei aurre egiteko asmoarekin, Parisko akordioa hamar urte lehenago beteko zuela ziurtatu zuen Bezosek; aldi berean, baina, klima aldaketa ukatzen duten eragile politikoei babesa eman die, bestetik. Jarrera kontraesankor horren aurrean argi mintzatu da Gete, «ingurumen kalteak oso nabarmenak» direla esanez: «Banakako bidalketa masiboek, gehiegizko enbalajeek, eta energetikoki efizientzia txikia duten garraioek, besteak beste, Amazonek gauzatutako CO2 isurketa ikaragarria eragiten dute». Ordezkariaren arabera, banaketa ibilgailuek gehienezko zama erdira murriztuta zirkulatzen dute entrega epeak bete ahal izateko, eta horrek, kutsadura «aztarna nabarmena» sortzen du. Hala eta guztiz ere, ekologia eta ingurumen terminoetan lan eginez gero, hori konpon daitekeela gehitu du Getek.
Erraldoiaren aurkako protestak
Azaroan Amazonen kokagune berriari buruzko lehen albisteak zabaldu zirenetik kontrako jarrera agerian utzi dute Oarsoaldeko zein Bidasoaldeko hamarnaka herritarrek. Izan ere, azaroaren bukaeran egin zuten lehen elkarretaratzea Oiartzungo eragileek deituta SJL enpresaren inguruetan, Amazon ez hemen ez inon! lelopean. Ordutik, hamaika izan dira erraldoia ezartzearen aurka azaldu direnak. Hala, Egin Irri Izan Herrik egindako deialdiei erantzuteaz gain, sortuko diren dinamikatan parte hartzeko konpromisoa agertu dute.
Multinazionalak herrian, eskualdean eta lurraldean izan dezakeen eraginagatik ere kezka agertu zuen Oiartzungo Udalak. Areago, Euskaldendak/Dendartean Euskadiko eta Gipuzkoako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa elkarteen konfederazioko kideek gaia aztertzeko bilera egin zuten Oiartzungo udal ordezkariekin. Jexux Leonet alkatea izan zen bilkuran alde batetik, eta Bittor Lizarribar eta Amador Viteri merkataritza elkarteetako presidenteak bestetik. Zabaldutako informazioaren arabera, tokiko agintariak kezka helarazi zien dendarien ordezkariei, baina aldi berean argi utzi zien Oiartzungo hirigintza planeamenduaren arabera, eremu hori bakarrik jarduera logistiko edota industrialerako erabil daitekeela. Hortaz, jarduera horiek aurrera eramateko udalak ezingo lukeela jarduera-lizentziarik ukatu zehaztu zuen Leonetek.
Egoera ikusirik, hala ere, Euskaldendak/Dendartean konfederazioko ordezkariek Amazonen kokatzea oztopatuko lukeen argudioa aplika dezan proposatu zioten bilera hartan Leoneti: enpresa horrek Oiartzunen egin nahi duen jarduera logistiko bezala ez izendatzea; alegia, txikizkako salmenta gisa katalogatzea Amerikako erraldoiaren jarduera. Modu horretan, Oiartzungo Hiri Antolamendu Plan Orokorrarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Establezimendu Komertzial Handien legearekin talka egingo lukeela proiektuak sinetsita agertu ziren merkatariak. Hori horrela, udaleko zein Eusko Jaurlaritzako zerbitzu teknikoei zegozkien txostenak eskatuko zizkietela erantzun zien alkateak. Proposamena aztertzeko konpromisoa hartu zuen, beraz, bileraren bukaeran udal agintariak, nahiz eta unera arte, gaiaren gaineko berririk ez den ezagutarazi.
Oiartzungo tokiko gobernua zein eskualdeko gainontzeko udalek ere haien eskuetan dagoena egiten ari direla bertako saltokien alde ziurtzat jo du Kristina Getek. Amazon bezalako multinazionalei aurre egiteko, zein tokian tokiko komertzioak bultzatzeko abiatutako iniziatibetan antzeman daiteke jarrera hori haren esanetan, «tokiko merkataritza laguntzeko eta haren prestakuntza bultzatzeko egiten ari diren ahaleginean, zein hurbileko produktuen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko garatutako kanpainetan ere». Zentzu horretan, asebete agertu dira udal erakundeen inplikazioarekin.
Sentsibilizazioan sakonduz
Inguruko udal gobernuen jarrerarekin eta hartutako neurriekin adostasuna agertu arren, Egin Irri Izan Herri mugimendua osatzen duten kide eta eragileek Amazonen afera aztertzeko zenbait batzar ireki egin dituzte, baita hainbat protesta aurrera eraman ere, esaterako, elkarretaratzeak, martxa bat, auto karabanak… Horrez gain, hainbat komunikazio esparrutan lanean ari dira gaiari oihartzuna emateko, kontzientziazio bideo bat ekoitzi dute, eta Amazonen, zein bestelako multinazional erraldoien aurkako mozioak aurkeztu dituzte udaletan. Oiartzunen zein inguruko udalerrietan halako enpresa guneen kokapena saihesteko bitartekoak eta baliabide legalak galdegiten ditu mozioak. «Aurrerantzean, diseinatzeke dagoen gidalerroa modu zabalean eta gizarte guztiaren inplikazioarekin marraztea litzateke gure helburua», gaineratu du mugimenduko kideak. Ildo horretan, «azken helburua proiektua bera bertan behera geratzea zaila izanik ere», herritar bakoitzaren kontzientziaren gain jarri du mugimenduko kideak Amazon erraldoian erosteko aukera, «norberaren sentsibilizazio mailari dagokiolako». Hori horrela, kontsumitzaileen sentsibilizazioan eragitea izango da azken xedea Getek esan duenez, «ezinbestekoa baita horretan ere eragitea».
ZALDUNBORDA BIZIRIK-EK «BEHIN BETIKO KOLPEA» IZAN DAITEKEELA USTE DU
Zaldunborda Bizirik plataformak (lehen Zaldunborda Gelditu!) hasieratik arbuiatu du Amazon erraldoiaren Oiartzungo gune logistikoa. Tokiko negozio txiki eta ertain askorentzat «behin betiko kolpea» izan daiteke «online salmenta bultzatzea eta indartzea», Sonia Herce taldekideak adierazi duenez. Areago, «merkataritza gune handi bat bezain kaltegarria» irudi zaio, «online salmenta azken kontsumitzaileari hurbiltzen zaiolako» era horretan. Halako multinazionalek ekoizleei prezioak ezartzen dizkietela erantsi du, «azkenean, ekoizlea eta kontsumitzailea kontrolatuz».
Langileen lan baldintzak ere aztertu ditu Hercek. Halako enpresek prezioei ematen dietela lehentasuna adierazi du, horretarako beharrezkoak diren murrizketak eginez,«langileen soldatak doituz, haien lan baldintzak gogortuz». Lan duina bermatzeko tokiko merkataritza goraipatu du, «hurbilekoa eta zero kilometrokoa». Hain zuzen, Zaldunborda Bizirik plataformako kideentzat, hori baita etorkizuna. Beraz, eredu horrerantz urratsak egitea ezinbestekotzat dute bizirauteko.