[Bideoa] Zinema eta antzerkia, asteburuko hitzorduak
Mireia Gabilondo zuzendariaren 'Erlauntza' film luzeak eta Txalo Produkzioak konpainiaren 'Konpromisoa' antzezlanak osatuko dute asteburuko kultur agenda.
Zinema eta antzerkia dira Hondarribiko Udalak astebururako proposatutako kultur hitzorduak: Mireia Gabilondo zuzendariaren Erlauntza film luzea batetik, eta Txalo Produkzioak konpainiaren Konpromisoa antzezlana, bestetik.
Txikitako lagun kuadrilla baten istorioa azaltzen du Gabilondoren ikus-entzunezkoak. Sinopsiaren arabera, landetxe batera asteburu pasa joango da lagun taldea haietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Asteburu «eroa» are gehiago erotuz doa minutuak igaro ahala; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Erleak hoberen komunikatzen diren animaliak omen dira, eta dantzaren bitartez egiten dute.
Txalo Produkzioak-ek Tomas eta German aspaldiko lagunen istorioa taularatuko du; lehena sasi autore bat da eta bigarrena, arrakasta handirik gabeko aktorea. Arazo ekonomikoei aurre egiteko Germanek bere etxebizitza saltzea erabakitzen du, baina salmenta gauzatu bitartean bi lagunen arteko eztabaida pizten da. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote, prozesua kolokan jarriz.
Hori horrela, Erlauntza biharko programatu du udalak, eta Konpromisoa, etzirako. Bi hitzorduak Itsas Etxea auditoriumean finkatu dituzte, 19:00etan hasita. Sarrerak ondoko Interneteko atarian, Arma Plaza informazio gunean edota leihatilan hitzordua hasi baino bi ordu lehenageskura daitezke, 4 eta 8 euroan, hurrenez hurren.