Eguzkitzako patioa eraberritzeko proiektua, martxan
Ikastetxearen jolastokia berrantolatzea eta hiri altzari berriak instalatzea jaso dute proiektuan.
Irungo Eguzkitza ikastetxeko patioa eraberritzeko lehen pausua eman berri du udalak. Joan den abenduaren 23an onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak proiektu teknikoa. Udaletik nabarmendu dutenez, 2019ko aurrekontu partaidearen barruan boto gehien jaso zituen jardueretako bat izan zen.
«Elkarlanaren adierazgarri bat da hau; kasu honetan, udalaren eta eskola komunitatearen arteko elkarlanarena. Lanak 2020an egitea zen helburua, baina, pandemia zela eta, atzeratu egin behar izan genituen. Edonola ere,
martxan daude jadanik, eta garrantzitsuena da aurkeztu dugun proiektuak ikastetxearen beharrei erantzuten diela eta, aldi berean, haurrek jolasgaraian gozatzeko eta ikasteko elementuen kopurua handitzen duela», esan du Obra saileko ordezkari Cristina Labordak.
Proiektuaren ildo nagusietatik, nabarmentzekoa da patioaren mendebaldeko eraikinetako zarata arintzeko metakrilatozko pantaila akustiko bat instalatuko dutela. Bestalde, jolastokia berrantolatuko dute, baita ere segurtasun zoruaren azalera handitu. Hala, mendebaldeko muturrean futbol zelaia eta kalea banantzen dituen nylonezko sarea ordezkatuko dute.
Honez gain, proiektuaren barruan erabilera askotariko hainbat altzari instalatzea ere aurreikusi dute. Zehazki, 2-3 urte bitartekoentzat zurezko tren txiki bat eraikiko dute, enborrezko piramide bat, eskalatzeko harkaitz bat eta orekarekin jolasteko enbor batzuk. Kasu guztietan segurtasun zorua jarriko dute azpian, kautxuzkoa edo belar artifizialekoa.
Era berean, lurrean jolasteko guneak pintatzeko asmoa du udalak, patioko estalpeko eremuan. Futbol zelaiaren iparraldean pinuzko trabesez osatutako harmailak eraikiko dituzte eta jardinera bat, iturri bat eta zurezko banku batekin amaituko dituzte lanak. Behin proiektua onartuta, lizitatu egingo dute. Proiekturako, 191.080,16 euroko inbertsioa egingo dute.