Irundarrek ere euskal presoen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean
Sare Herritarrak Euskal Herriko herri guztietan mobilizazioak antolatu ditu, baita Irunen ere. 17:00etan abiatuko dira San Juan plazatik.
Aurten Bilbon ez, baina herriz herri aterako dute herritarrek kalera euskal presoen aldeko aldarria. Sare Herritarrak herri guztietan mobilizazioak antolatu ditu, baita Irunen ere. Larunbatean (hilak 9) mobilizatuko dira; 17:00etan San Juan plazatik abiatuko den manifestaziora batzeko deia egin du Bidasoko taldeak.
«Guretzat, urte hasiera beti izaten da berezia eta baita esperantzagarria ere. Urtero, urtarrilean, milaka pertsona batzen gara Bilbon, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu eta etxeratze prozesuaren, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko aldarria zabaltzeko. Ideia, atxikipen eta bizipen anitzak dituzten pertsonak mezu beraren baitan batzeak urtea indarrez hasteko bultzada eman ohi digu», esan dute Sareko iturriek. Halere, aurten ezingo dira Bilbon elkartu, baina ez dira etxean geratuko, hori argi dute deitzaileek.
Ondorengo aldarriekin hartuko dituzte Euskal Herriko kaleak: Larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela, urrunketa politikarekin amaitu behar dela, gurasoak espetxean dituzten haurrek gurasoekin egoteko baldintzak bermatu behar direla, adinduak diren presoak etxean behar dutela eta euskal preso guztiei gradu progresioa ezarri behar zaiela.
«Salbuespen legedia honi amaiera emateko» unea dela uste du Sarek, «preso eta iheslarien auziari aterabide ematekoa» alegia. «Gure bultzadaz baino ez direlako eman beharreko urratsak emango; finean bidea gu garelako», erantsi dute.