Etorbidearen zubiaren modulu bat Kataluniara bidali nahi du Kepa Ordoki elkarteak
Lluis Companys i Jover presidenteak Irunen jasan zituen «urraketekiko sentiberatasuna adieraztea» da asmoa. Elkartearen arabera «taxuzkoa» da Irunekin izandako lotura oroitaraztea.
‘Lluis Companys i Jover president katalanari aitorpena’ egitasmoaren baitan, Irungo Etorbidearen zubiaren modulu bat Kataluniara eraman nahi du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, eta horretarako mozio bat erregistratu berri dute. Horrez gain, presidentearen deportazioa eta entrega oroitarazteko euskarri bat ezartzea ere eskatu du talde memorialistak. Hilaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte bi proposamenak.
Elkarteko kideen ahotan, «taxuzkoa» da Lluis Companys i Jover- ek Irunekin izandako lotura oroitaraztea, baina baita ere, bertan jasan zituen «urraketekiko sentiberatasuna adieraztea».
Erregistratu berri duten mozioan honako akordioei onarpena egitea eskatu dute:
- Lluis Companysen aitorpen eta erreparazio keinu gisa, Avenida Zubiko barandaren elementu bat egokitu eta emango dio Irungo Udalak Kataluniako gizartearen ordezkari den Generalitateari.
- Etorbidearen zubian euskarri fisiko baten ezarpena, Kataluniako presidentearen deportazioa azalduz eta zubiko entrega oroitaraziz.
- Hartutako erabakien berri eman, Lluis Companysen sendiari, Kataluniako Generalitateari, ERCko oroimen mahai sektorialari, Kataluniako Parlamenteko talde parlamentarioei, Tarrós-eko Lluís Companys guneari, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oroimen arduradunei eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalei.