Emakumeen Etxerako behin-behineko kokaleku bat proposatu du EAJk
Ikust Alaia erakinean beharrean, Istillaga plazako lokal batean irekitzeko proposamena egin dute. Udal gobernu berriak izan duen «inkoherentzia zuzentzeko aukera» dutela uste dute.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy eta Josune Gomezek agerraldia eskaini dute gaur Santiago auzoan. Bertan, Emakumeen Etxearen behin-behineko kokapenarekin sortutako arazoarekin kezkati daudela azaldu dute jeltzaleek. Egoera horren aurrean kokaleku berri bat aztertzea eskatu diote udal gobernuari.
2019an Zabaltza-Erdialdeko Auzo Elkarteak udalean eskaera formal bat egin zuela gogoratu du Iridoyk, 2020ko aurrekontuetan partida ekonomiko bat sartzeko; finean, Ikust Alaia eraikin berrian dagoen udal lokala egokitzeko, eta horrela, elkarte berari lokal sozial gisa uzteko eskaera izan zen, jeltzaleen ahotan, «egun oraindik elkarte honek ez baitu auzokideentzako edo hiritarrentzako jarduerarik garatzeko espazio egokirik». Bada, eskaera hori alderdi guztiek sinatu eta mozio gisa aurkeztu zuten urte hasieran, aho batez onartuta.
Halere, lau hilabete geroago udal gobernuak eta Elkarrekin Podemos-IU udal taldeak, «osoko bilkuraren erabakiaren eta beraiek bertan mozioari emandako aldeko botoari kontra eginez», 2020ko aurrekontuan Ikust Alaiako lokalaren obra egiteko 270.000 euroko partida bat sartzea erabaki zutela salatu dute, Emakumeen Etxearen behin-behineko kokalekua izan zedin. «Erabaki horrek uko egiten zion, aurretiaz jada Zabaltza-Erdialdeko Auzo Elkarteari onartutako eskaerari, hiritarren artean gatazka sortuz, baita hainbat
eragileren artean kezka sortuz ere», erantsi du Iridoyk.
Gainera, azaroaren 18an hiriko elkarte feminista bateko kide batek Emakumeen Etxearen kokapenarekin kezkati azaldu zela gogoratu du EAJk, eta proiektu hau ongi hasteko eta hasieratik inolako gatazkarik ez pizteko nahia nabarmendu zuela emakumeak.
Azken eskaera hori kontuan hartuta, jeltzaleek eskatu diote udal gobernuari Emakumeen Etxea behin-behinean Ikust Alaian kokatu beharrean, Istillaga plazan kokatzeko aukera azter dezala. «280 m2-tako Gizarte ekipamenduko lokal bat, Ikust Alaiarenak baino 100m2 gehiagoko azalera duena da gainera».
Udal gobernu berriak izan duen «inkoherentzia zuzentzeko aukera» dutela uste dute jeltzaleek. «Proposamen hau hurrengo Berdintasun Batzordean jorratzeko eskaera ere luzatu dugu, honen inguruan Irungo emakumeen elkarte guztiek asko eduki beharko lukete eta esateko. Izan ere, proiektu honek, beste askok bezala, argia, ilusionagarria eta gardena izan beharko luke. Gatazkarik gabekoa, guztiona», erantsi dute.