«Pandemiari aurre egin eta Euskal Herrian hezkuntza sistema aurreratua eraiki dezagun»
Hezkuntza Plazara dinamikaren baitan, Irungo ikastetxeetako ikasle, irakasle, garbitzaile, jangelako begirale eta atezainak kalera atera dira gaur, «kalitatezko hezkuntza segurua» exijitzeko.
Azken asteotan hiriko ikastetxeek bat egin dute Hezkuntza Plazara dinamikarekin, eta gaur euren aldarriak kalera atera dituzte. Pandemiaren testuinguruan «bizi dugun egoeraz kezka eta premia larria gizarteratzeko» mobilizatu dira, guraso, irakasle, ikasle, garbitzaile, jangelako begirale edota atezainak. Guztiek urte berezi honetan «planifikazio eza» pairatu behar izan dutela salatu dute, eta ondorioz, osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko arazoak izan dituztela.
Gogor salatu dute erakundeek ezarritako osasun irizpideek osasun fisikoa dutela ardatz, «osasun emozionala erabat baztertuta» dagoen bitartean. «Haurrak eta ikasleak erdigunean jarri behar dira, haiek izan daitezela hezkuntza prozesuaren subjektu eta protagonista nagusiak», esan dute gaurkoan.
Kontziliazioaren gaiarekin ere oso kezkati agertu dira gurasoak. «Nola uztartu lana eta gure seme-alaben bizitza jangelarik ez badago? Seme alabak konfinatu behar izanez gero? Eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera gelditzen badira? Zer gertatzen da arazo ekonomiko larriak dituzten gurasoekin? Non jango dute haurrek? Nork zainduko ditu gurasoak lanean bagaude? Non sozializatuko dute gure haurrek?» Galdera ugari egin dizkiete erakundeei.
Egoera kezkagarri honen aurrean kaleak hartzeko premia nabarmendu dute, «hezkuntza seguru eta kalitatezkoa» exijitzeko. Bada, gaur, honako aldarrikapenekin hartu dute kalea:
- Arrakalak gainditzeko eta inklusioa bermatzeko beharrezko neurriak ezartzea.
- Herri mailako beste espazio publiko batzuen erabilera bultzatzea eta naturan ere heztea ahalbidetzea.
- Haur guztiak aintzat hartzea eta zaintzeko kultura sustatzea, «hezkuntza eskubide unibertsala eta aukera berdintasuna bermatuz».
- Ratioak jaistea, «ikasleen ongizate osoan eta garapen integralerako baldintzetan ere eragin zuzena daukalako».
- Langile gehiago kontratatzea ikastetxeetan.
- Jangelak ikasle guztientzat zabaltzea.
- Zaintza eta kontziliazioaren gaiari heltzea.
- Eraldaketa pedagogikoari heldu, aukera berrietan sakontzeko.
- Euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisio handiago bat ematea ikastetxeetan.
- Edukien transmisioan baino, balore, printzipio eta konpetentzietan heztea, «bizi dugun mundua ulertu-eraldatzeko prestatuz».
- Parte hartzea bermatzea, hezkuntzaren funtzio soziala bermatzeko.