[Galeria] «Amazon, ez hemen, ez inon» ozen oihukatu dute
Bidasoa zein Oarsoaldean auto karabanak egin dituzte herritarrek, eta ondoren, Oiartzungo Lanbarren industriaguneko sarreran bildu dira, Amazon Oarsoaldean kokatzearen kontra.
Gaur ere dozenaka lagun bildu dira Oiartzungo Lanbarren industriaguneko sarrerako biribilgunean, berriro Amazon ez hemen ez inon ozen oihukatzeko. Aurretik, Oiartzun, Errenteria-Orereta zein Irunen auto karabanak egin dituzte herritarrek, Oarso Bidasoko Egin irri, izan herri mugimenduak egindako deiari erantzunez. Ondoren, bi eskualdeetako manifestariak elkarretaratzean bildu dira.
Etorkizuneko Amazonen Oarsoaldeko gune logistikoak enpleguetan, ingurumenean lehian eta tokiko jardueran eragingo dituen kalte larriak nabarmendu dituzte lehenik. Gainera, logistika gune berriak eremua «aldrebestuko» duela esan dute gaurko mobilizazioan, «inguruan dauden azalera handiko merkataritza establezimendu ugariek eta logistika jarduerek eragindako pilaketa areagotuz». Baina arazoak ez direla soilik horretara mugatuko ere salatu dute gogor. Egungo edo etorkizuneko jarduera ekonomiko batzuei kalte handia eragingo diela esan dute, tokiko merkataraitza kaltetu nagusia izango delarik. Horrez gain, Amazonek «hiriko merkataritzaren desertizazioa» ekarriko duela ere esan dute amorruz.
«Amazon hornitzaile bakarra izango da denborarekin, eta bere nahierara egongo gara nahi ala ez. Amazon, ez hemen, ez inon!», esaldiarekin amaitu dute mobilizazioa.