Txenperenearen etorkizuneko antolamenduan urratsak egin ditu udalak
Hiri Antolamenduko Plan Nagusia aldatzeko prozedura hasi dute. Horri esker, aurreikusitako erabilerak «nabarmenki hobetuko» direla uste du udalak, «berdeguneak handituz, antolamendu eraginkorragoarekin eta ekipamendu sorta garrantzitsuarekin».
Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariak gaur bertan jakinarazi duenez, Txenperenea eremurako aurre proiektu bat du esku artean udalak. Hiri Antolamenduko Plan Nagusia aldatzeko prozedura hasi dutela esan du, besteak beste, azken hamarkadetako afera handi bati amaiera emateko: Plaiaundiko kirol instalazioen leku aldaketa. Udalak gaur aurkeztutako aurrerakin proiektu hori Plangintzako Aholku Batzordean aurkeztu dute jada.
«Txenperenearen etorkizuneko antolamendua urratsak egiten ari da. Oso hasierako fasean dago oraindik, baina badugu lehen aurrerakin bat, Plan Nagusia aldatzen hasteko aukera ematen diguna, aurretik urrats hori egin behar baita eremua garatzeko. Hori aprobetxatuta, nabarmen hobetu ditugu aurreikusitako erabilerak, berdeguneak handituz, antolamendu eraginkorragoarekin eta hirirako ekipamendu sorta garrantzitsuarekin», esan du ordezkariak.
Hirigintza arloa 163.000 metro koadroko plano batean oinarrituta ari da lanean, Larreaundi, Lapitze eta Oinaurre auzoen artean. Aurre proiektu honen ezaugarri nagusietako bat hirigintza antolamendu berri bat ezartzen dela esan du Paezek, «ingurumenaren aldetik eraginkorragoa, trinkoagoa eta erabileren mistotasun handiagokoa dena». Alde batetik, berdeguneak zabaltzea aurreikusi dute, «parke lineal handi batekin» Alai Txoko Berio kelarekin lotzeko. Eremu berriak, gainera, kirol, eskola edo gizarte ekipamendu berriak sortzeko aukera ere eskainiko duela aurreikusi dute. Formulazio horretan Plaiaundiko kirol instalakuntzen lekualdaketa jaso dute (20.000 metro koadroko eremuarekin), hiriko zenbait klubek azken hamarkadetan egindako eskakizuna izan dena.
Aipatutako asmoez gain, antolamendu berri honek eremuan bizitegi programa bat garatzeko aukera ere ematen duela erantsi du Paezek. Hala, gutxienez %75ean babes publikokoa izango den etxebizitza parke bat marraztu dute proiektuan.
Udalak dagoeneko dagozkion txostenak eskatu dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, tramitazioekin jarraitu ahal izateko.
Atzetik datorren afera
Gaur Paezek aurkeztutako aurre proiektuak bide luzea egin du azken urteetan, oposiziotik etorritako proposamen eta eskera historiko batetik dator. 2018an, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk (gehiengoak) Plaiaundiko aferari irtenbide bat ematea adostu zuten, Txenpereneako proiektu hau aurkeztuz, «kokaleku ezin hobea zela defendatuz». Aldeko 13 botorekin eta udaleko teknikarien oniritziarekin, aurrera atera zen proposamena. Halere, azken bi urteetan hiru alderdiek leporatu diote PSE-EE taldeari proiektuarekin «blokeoan eta paralisian» aritzea. Bada, badirudi, EAJk joan den hilean aurreratu zuen bezala, proiektua «errealitatetik gero eta gertuago dagoela».