«Kalitatezko hezkuntza segurua» aldarrikatuko dute hiriko ikastetxeek larunbatean
Azken asteotan Irungo ikastetxe ugari bildu dira Hezkuntza Plazara dinamikaren baitan, hezkuntzaren egoerarekin kezkati. Kaleak hartuko dituzte etzi, «Euskal Herrian hezkuntza sistema aurreratua» exijitzeko.
Irungo ikastetxeek bat egin dute Hezkuntza Plazara dinamikaren aldarrikapenekin. Pandemiaren testuinguruan «bizi dugun egoeraz kezka eta premia larria gizarteratzeko» sortutako egitasmoa da, eta bertan irakasle, guraso, ikasle eta eskoletako bestelako langileek hartu dute parte. Bada, Irunen ere azken asteotan agente guzti horiek bildu dira, zehazki, irakasle, guraso, ikasle, garbitzaile, jangelako begirale eta atezainak, eta deialdi bat egin dute larunbaterako (hilak 19).
«Ikasturte hasiera bat espero zitekeen. Aurrez aurreko eskoletara itzulera hezkuntza komunitatea eta Hezkuntza administrazioaren artean landu eta adostu zitekeen, baina, ez da hala izan», esan dute hedabideei bidalitako ohar batean. «Planifikaziorik eza» pairatu behar izan dutela diote amorruz, «inprobisazioa, baliabide nahikorik eza edota egiturazko arazoak» jasan dituztela eta ondorioz, osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko arazoak dituztela. Horregatik, haurrak eta ikasleak erdigunean jartzeko garrantzia nabarmendu dute egitasmoko kideek, haiek izan daitezela hezkuntza prozesuaren subjektu eta protagonista nagusiak. Zentzu horretan, erantsi dute ezarritako osasun irizpideek osasun fisikoa dutela ardatz, eta osasun emozionala erabat baztertu dutela.
Hezkuntzako langileen beharrak ere erdigunean jarri nahi dituzte, eta horretarako, baliabide gehiago eta lan karga gutxiago exijitu dute.
Gurasoei dagokionez, kontziliazioaren gaiarekin kezkati daude.«Nola uztartu lana eta gure seme-alaben bizitza jangelarik ez badago? Seme alabak konfinatu behar izanez gero? Eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera gelditzen badira? Zer gertatzen da arazo ekonomiko larriak dituzten gurasoekin? Non jango dute haurrek? Nork zainduko ditu gurasoak lanean bagaude? Non sozializatuko dute gure haurrek?» Galdera askok oraindik erantzunik gabe jarraitzen dutela diote haserre.
Bilera hauetatik ondorio nagusi bat atera dute: kaleak hartu behar direla, «hezkuntza seguru eta kalitatezkoa» exijitzeko. «Ikastetxeetan ditugun arazo larriak ezin dira lau hormen artean geratu, denon arazoak dira, eta administrazioari konpontzeko exijitu behar diegu. Hezkuntza ez da eskolaren ardura soila, gizarte osoaren ardura baizik, egin dezagun herria ere hezitzaile. Denok elkarrekin aurrera egingo dugu. Irungo hezkuntza komunitatea plazara!», esan dute Irungo dinamikako partaideek.
Horrela, larunbat honetan hiriko kaleak hartzera deitu dituzte irundar guztiak. 18:00etan bilduko dira San Juan plazan. Bertaratuko direnei aldarrikapenez betetako gutunak idaztera gonbidatu dituzte. «Pandemiari aurre egin eta Euskal Herrian hezkuntza sistema aurreratua eraiki dezagun».
Honako aldarriekin hartuko dute San Juan plaza:
- Arrakalak gainditzeko eta inklusioa bermatzeko beharrezko neurriak ezartzea.
- Herri mailako beste espazio publiko batzuen erabilera bultzatzea eta naturan ere heztea ahalbidetzea.
- Haur guztiak aintzat hartzea eta zaintzeko kultura sustatzea, «hezkuntza eskubide unibertsala eta aukera berdintasuna bermatuz».
- Ratioak jaistea, «ikasleen ongizate osoan eta garapen ntegralerako baldintzetan ere eragin zuzena daukalako».
- Langile gehiago kontratatzea ikastetxeetan.
- Jangelak ikasle guztientzat zabaltzea.
- Zaintza eta kontziliazioaren gaiari heltzea.
- Eraldaketa pedagogikoari heldu, aukera berrietan sakontzeko.
- Euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisio handiago bat ematea ikastetxeetan.
- Edukien transmisioan baino, balore, printzipio eta konpetentzietan heztea, «bizi dugun mundua ulertu-eraldatzeko prestatuz».
- Parte hartzea bermatzea, hezkuntzaren funtzio soziala bermatzeko.
Azken asteotan hiriko ikastetxeek argazkiak atera dituzte, larunbateko manifestazioa babesteko. Hona argazki batzuk: