Iratxe Sorzabalen kontrako laugarren euroagindua atzera bota du Parisek
Espainiako Auzitegi Nazionalak bidalitako informazioa aztertu dute Parisen, eta ezin izan dute baztertu torturarik jasan zuenik Sorzabalek.
Parisko Dei Auzitegiak Iratxe Sorzabal euskal preso irundarraren kontra Espainiak egindako entrega eskaera atzera bota berri du. Espainiako Auzitegi Nazionalak bidalitako informazioa aztertu dute Parisen, eta ezin izan dute baztertu torturarik jasan zuenik Sorzabalek.
Auzi honen atzean mendeku politikoa besterik ez dagoela pentsatzen jarraitzen dute Xantiana Cachenaut abokatuak eta euskal presoaren anai Aritz Sorzabalek, haiekin hitz egin zuen HITZAk otsailean. Abokatuaren arabera torturaren gaineko kasu argiena izan daiteke Sorzabalena. «Erabat frogatua dugu torturatua izan zela. Argudio asko ditugu, objektiboki, akusazioak desmuntatzeko».