Irungo elkarretaratzeekin bat egin dute Hondarribiko pentsiodunek
Orain arte osasuna lehenetsi dutela adierazi dute, baina hilaren 21etik aurrera, Irungo pentsiodunen mugimenduaren elkarretaratzeekin bat egingo dutela ezagutarazi dute.
Hondarribiko pentsiodunek hilaren 21etik aurrera Irungo jubilatuen mugimenduak deitutako elkarretaratzeekin bat egingo dutela jakinarazi dute. «Gure eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar dugu, komunikabideak eta sare sozialak erabiliz, justizia sozial, unibertsala eta berdintasuna lortzeko», adierazi dute.
Larrialdi egoerak iraun bitartean, osasunari lehentasuna eman dio mugimenduak «astelehenetako elkarretaratzeei baino». Orain, aldiz, hainbat udalerrietan gertatu bezala, inguruko herri edo hiri handiagoetako protestekin bat egingo dute, beti ere, «osasun neurri guztiak ongi betez».
Horrez gain, aurtengo Gabonei begira, ondoko mezua helarazi diete hondarribiarrei: «Ez kutsatu, osasun neurriak ondo bete, eta Gabonetako anormaltasunaren barruan, jai zoriontsuak opa dizkizuegu. Ea 2021ean txertoak normaltasunera eramaten gaituen».