Hiri inklusiboa egitea eta euskara sustatzea, erronka nagusiak
Miren Etxebeste Irungo Udaleko Euskara eta Berdintasun sailen ordezkari berriak agerraldia eskaini du gaur. Irungo koalizio gobernu berriaren osaeran sinatutako konpromisoen berri eman du.
Miren Etxebeste Irungo Udaleko Euskara eta Berdintasun sailen ordezkari berriak agerraldia eskaini du gaur udaletxean. Bertan, bi arloetan bete nahi dituen helburu eta konpromiso nagusiak aurkeztu ditu, Irungo koalizio gobernu berriaren osaeran sinatutakoak. «Hurrengo urteetarako nire gain hartu ditudan bi erantzukizunek alderdi garrantzitsu bat partekatzen dute: udal politikan zeharkako gaiak dira, eta modu batean edo bestean udalaren egitura osoaren erabaki eta helburuetan presente egongo dira», esan du ordezkari berriak. Joan den hilaren 10ean hartu zuen kargu berria Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko bozeramaileak.
Berdintasun sailari dagokionez, Etxebestek azaldu du gobernu programa berrian agertzen den konpromisoetako bat dela «hiri inklusiboa egitea guztiontzat, zeharkakoa eta modu femeninoan pentsatuta». Horretarako, IV. Berdintasun Planean islatzen diren ekintza eta konpromiso zehatzak hartu dituztela azaldu du.
Emakumeen Etxearen proiektua izango da sailaren helburu nagusietako bat. Ordezkariak gogoratu du pandemiak parte hartze prozesua eten zuela, eta orain, «aukera ezberdinak aztertzen» ari direla gai honi «lehenbailehen ekiteko» (uda iritsi baino lehen amaitu nahi dute prozesu hori). Gainera, dagoeneko eraikinaren kokapenean pentsatzen hasi direla nabarmendu du. «Irungo herritar guztientzat balio handikoa izango da, ahalduntze tresna bat; izan ere, kontu jakina da leku horiek indarkeria matxistaren aurkako borrokan duten garrantzia; lan egiteko tokiak dira, hausnarketarakoak, emakumeei laguntza ematen dietenak, emakumeak ahalduntzen dituztenak, eta emakumeen aurkako indarkeriaren, lan eta gizarte prekarietatearen zailtasunen aurka borrokatzearen ondoriozko bakardadeak eta isolamenduak berez dakartzaten zailtasunen aurka laguntzen dietenak», erantsi du Etxebestek.
Era berean, lehen urte honetan bere jardueraren proportzio handi bat hartuko duten helburuak ere aurkeztu ditu gaur ordezkariak. Horien artean, raso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat egitea jaso dute, besteak beste.
Aipatutako Berdintasun Planean udaleko arloen arteko Berdintasunerako Batzordea berreskuratzea ere jaso dute, «administrazioan berdintasunean benetako urratsak emanez aurrera egin ahal izatea bermatzen lagunduko duena». Besteak beste, berdintasunaren defentsan inplikatutako eragile guztiekin «lankidetza zintzo eta etengabea» izateko protokoloak egitea izango da Berdintasun arloaren beste helburuetako bat.
Amaitzeko, hiriko talde feminista guztiekin lehenbailehen bilerak eta harremanak hasteko asmoa dutela nabarmendu du, «salbuespenik gabe», baina baita ere LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsan lan egiten dutenekin ere.
Euskararen defentsa, «eguneroko ogia»
Euskarari dagokionez, gaurkoan Etxebestek azaldu bezala, euskararen defentsan eta sustapenean lan egiten duten taldeekin egiten diren bilerak «eguneroko ogia» izango dira lan agendan. «Oso modu berezian saiatuko naiz euskararen zeharkakotasuna sustatzen Udaleko arlo guztietan; izan ere, udalean lan egiten duten pertsonen artean euskararen ezagutza oso handia bada ere, gaztelaniaren erabilera euskararena baino askoz ere handiagoa da, eta euskararen ikusgarritasunak garrantzi handia du euskara arloko itzulpen zerbitzuan egiten den lanean». Horregatik, argitu du bere helburua Euskara Normalizatzeko IV. Planean jasotzen diren plan eta konpromiso zehatzak praktikan jartzea izango dela. «Ezin da izan Udalean C1 hizkuntza eskakizuna duten teknikariak dena gaztelaniaz egitea eta automatikoki era guztietako itzulpenak eskatzea, baita posta elektronikoak ere» erantsi du irmoki.
Joan den ostiralean Euskaraldiaren balorazioa egin zutela gogoratu du Etxebestek. Horri lotuta, datozen bi urteetan herritarrak, kolektiboak eta enpresa sareak ahobizi eta belarriprest rolen eta ariguneen funtzionamenduaren inguruan trebatzen eta sentsibilizatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Amaitzeko, 2002tik ia berrikuspenik gabe martxan zegoen Kalean Bai programa kudeatzen zuen enpresarekin hitzartutako kontratua amaitu dela jakinarazi du, eta une hau «bere helburuak eta funtzionamendua berrikusteko» baliatu nahi dutela.