EAko zinegotzi izandako Florentxio Arrietaren heriotza deitoratu du udalak
Hogei urtez zinegotzi izan ondoren, 2011n utzi zion ordezkari politikoa izateari. Txomin Sagarzazu alkateak doluminak helarazi dizkio haren sendiari.
Florentxio Arrieta Mendizabal Eusko Alkartasuneko (EA) zinegotzi hondarribiarra atzo goizean zendu zen 80 urte zituela. Txomin Sagarzazu alkateak «samina» eta «hurbiltasuna» adierazi dizkie Arrietaren senide zein gertukoei.
1991tik 2011ra hautetsi lanetan aritu zen Arrieta Hondarribiko Udalean. Nekazaritza departamentuan eta Txingudiko Zerbitzuak-en ordezkari aritu zen bereziki, eta herrigintzan ekarpen handia egin zuela nabarmendu du Sagarzazuk: «Urte askoan Jaitzubiako elkartearen bultzatzailea izan zen, baita bertsolaritza, herri-kirolak eta jaien sustatzaile nekaezina ere».