Estatuaren indarkeria hizpide biharko plenoan, Egiari Zor fundazioaren eskutik
1979tik 1999ra giza eskubideen urraketa pairatu zuten herritarrak aitortzeko eta erreparatzeko EAEn abian den lege berriaren harira, hamaika udalerrietan aurkezten ari da mozioa Egiari Zor fundazioa.
Hondarribiko Udalbatzak Egiari Zor fundazioak proposatutako mozioa bozkatuko du bihar, aurrekontuen ezohiko osoko bilkuran. Txomin Sagarzazu alkateak lehen puntura eramango du taldearen eskaria. Udal alderdiek mozioa onartzea aurreikusten da.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1979 eta 1999 urte bitartean motibazio politikoa oinarri zuen indarkeriaren testuinguruan, giza eskubideen urraketak jasandako pertsonen errekonozimendua eta erreparazioa aitortzeko legea martxan dela gogorarazi du Fundazioak. «Estamentu ofizialek praktikara eramandako edo sustatutako biolentziek EAEn eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonek, edo urraketaren unean EAEn bizi zirenek» aitortza jaso dezaketela nabarmendu dute bultzatzaileek.
Hortaz, mila biztanletik gorako udalerrietan mozioak aurkezten ari da Egiari Zor, udalek herritarren artean legearen gaineko informazioa zabaltzeko, aholkularitza tekniko-juridikoa emateko, eta tokiko erakunde publikoek beraiek aitortza onartzeko konpromisoa har dezaten.
Oarso Bidasoan, orain arte, Irunen, Lezon eta Oiartzunen onartu dute mozioa; bihar, Hondarribiko Udalbatzaren txanda izango da.
Fundaziotik gogoratu dutenez, biktimek 2021eko abendura arte aurkez dezakete eskaera.