Udal aurrekontu proiektuaren aurka azaldu da talde sozialista
EAJren gobernu taldeak «negoziatzeko erakutsitako borondate eza» medio, aurka bozkatuko dutela berretsi du Iosu Alvarez bozeramaileak.
2021. urteko udal aurrekontu proiektuaren aurka bozkatuko dutela ezagutarazi du gaur Iosu Alvarez PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak. EAJren gobernu taldeak «negoziatzeko erakutsitako borondate eza» dela-eta hartu dutela erabakia erantsi du sozialistak komunikatuan.
«Gure proposamenak pandemiak eragindako egoera larriari erantzuna ematera bideratuak zeuden, hainbat partida hobetzeko helburuarekin planteatu genituen», gehitu du sozialistak, «baina ez dugu ezetzaz harago inongo erantzunik jaso».
Alvarezek adierazi duenez, udal gobernua «egoera oso erosoan dago gehiengo osoa eskuratu zuenetik, eta ez dugu ulertzen bizi dugun egoeran, osasun, ekonomia eta gizarte krisiari erreparatuta, akordio batera iristeko erakutsitako gaitasun eza». Zentzu horretan, izurritik «denak elkarrekin» ateratzea ezinbestekotzat jo du, «are gehiago herritarrek hala eskatzen dutenean».
Proposamenak
Sozialisten bozeramaileak argitu duenez, taldeak egindako ekarpenen artean zeuden, besteak beste: familiei bideratutako diru-laguntzak; alokairurako diru-laguntza zuzenak; merkatariak eta ostalariak sostengatzeko plana; Mendelu eraberritzeko bultzada; herritarrentzako arreta zerbitzu aktiboa; debaldeko wifia; eta musukoen finantzaketarekin laguntzeko plana.