Udal gobernu berriak aurkeztutako programa «asmoen adierazpen hutsean geratzen dela» uste du EAJk
Asteazkenean aurkeztutako gobernu programa eztabaidatu aurretik, Kudeaketa Plan Estrategiko bat lantzea exijitu diote alkateari.
Asteazkenean udal gobernu berriak aurkeztutako gobernu programaren gaineko balorazioa egin berri du Irungo EAJ taldeak. Gobernu berriak aurkeztutakoa «asmoen adierazpen hutsean geratzen dela» uste dute. 2020-2023 aldirako Kudeaketa Plan Estrategiko baten falta sumatu dute jeltzaleek, haien ustez, «agintaldia amaitzen den urteetan gobernu ekintza
garatuko duen tresna nagusia baita».
Kudeaketa Plan horrek, gobernuari zenbait helburu lortzeko aukera emateaz gain, oposizioari ere ekintzen jarraipena eta kontrola egiteko aukera ematen diola nabarmendu du taldeak. Finean, «gehiegizko burokrazia apurtzeko eta Irungo Udalari eraginkortasunez eta
efizientziaz kudeatzea bermatzeko» aukera emango lioke plan horrek, jeltzaleen ahotan.
Urtarrileko Osoko Bilkurara eramango dute programa, gainerako alderdiekin eztabaidatzeko. Bada, hori gertatu aurretik Kudeaketa Plan Estrategikoa egitea exijitu diote Jose Antonio Santano alkateari, «hainbat helburu eta ekintza ildo definituko dituena, betetze maila zorrotz ebaluatu ahal izateko adierazleekin, bai eta hori gauzatzeko behar diren baliabideekin ere». Bestela, bilkura hori osatugabea izango litzatekeela esan dute.
«Kudeaketa plan baten bidez, udal gobernuak garatu beharreko ekintzaren balorazio
osoa egin ahal izango dugu. Modu horretan bakarrik egiaztatu ahal izango da herritarrekin hartutako konpromisoa betetzen dela, eta oposiziotik jarraipena eta kontrola egin ahal izango ditugu, kritika politikoa eginez eta, beharrezkoa denean, alternatibak aurkeztuz», esan dute jeltzaleek amaitzeko.