Izpiritua gal ez dadin, Erdi Aroko pintxoak gogora ekarri ditu sareak
Danontzat, Gran Sol, Tatapas eta Kai Zahar gastroteka zein jatetxeek egindako lana errepasatu du antolakuntzak.
Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa irabazi duten sukaldarien errepaso txikia egin du Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareak komunikatu batean. Aurten Erdi Aroko Azokarik eta pintxo lehiaketarik egin ez izanagatik, ez dute urteetan zehar landutako izpiritua galtzea nahi. Ildo horretan, Danontzat gastrotekak, Gran Solek, Kai Zaharrek eta Tatapasek lortutako garaipenak gogora ekarri ditu antolakuntzak.
Lehenik eta behin, Irisarriri buruz mintzatu da sarea. Pelegrinaren jaki ona pintxoarekin irabazi zuen sukaldariak lehen aldiz Hondarribiko tokiko lehiaketa zein nazioartekoa 2012an. 2014an Garum divinorum mokaduarekin bigarren garaipena eskuratu zuen Hondarribian, eta Aitatxi sorkuntzarekin tokiko hirugarren txapela iritsi zen.
Gran Sol taberna-jatetxeko Mikel eta Bixente Muñozek esperientzia zabala dute pintxo lehiaketetan, eta nola ez, Erdi Aroko txapelketan ere. 2008an Pilartxo mokaduarekin gailendu zen Gran Sol, 2010ean Txipi Txofa-rekin, 2013an Ogitartekoa lanarekin, eta 2015ean Bakailao Cocktail sorkuntza gastronomikoarekin.
Kai Zahar jatetxeko sukaldari ohi Iosu Carrionek bere aldetik Bakailao Ostra lanarekin gailendu zen 2017an, nahiz eta Consuegran (Toledo, Espainia) izandako nazioartekoan ez zuen garaipenik lortu.
Tatapas gastrotekako Adur Arrieta eta Taliska Victoria Rebuit dira hiruen artean gazteenak. Behin bakarrik parte hartu dute txapelketan, eta garaile ateratzea lortu zuten, ez soilik Hondarribian baita Lizarran (Nafarroa) egindako nazioarteko lehian ere. Arkumea, ogia eta ardoa mokadutxoa suertatu zen irabazle iaz.
2020ko osasun krisiak Erdi Aroko Azoka eta pintxo lehiaketa bertan behera utzi dituen arren, etorkizun hurbilean jarrita dute begirada antolatzaile eta parte hartzaileek. Momentuz, izpiritua bizirik mantentzeko ahalegina egitea da sarearen eginkizun nagusia.