Mugei aurre egiteko maskara gardenen aldeko apustua egin du Egiluzek
Entzuteko eta ahoskatzeko zailtasunak dituzten ikasleei bidea errazteko batetik, eta txikienek euren irakasleekin konfiantza hartzeko, bestetik, martxan jarritako neurria da.
Maskaren erabilerak ikasleengan sor ditzaken mugei eta komunikazio arazoei aurre egiteko helburuarekin, pantaila gardenen aldeko hautua egin dute Egiluze ikastetxean. Zailtasun hauek ikasle guztiengan antzeman daitezkeen arren, berebiziko eragina dauka aniztasun funtzionala dutenengan zein haur hezkuntzako ikasleengan. Entzuteko eta ahoskatzeko zailtasunak dituzten ikasleentzako lagungarriak dira musuko gardenak. Halaber, txikienen eta irakasleen arteko konfiantza errazten du sistemak.
Horrekin batera, Arnas Gelak izeneko espazioak ahalbidetu dituztela ezagutarazi dute. Kanpoaldean, eremu irekietan prestatu dituzte aipatutako eremuak. Ikasgelako ikasleen erdiak parte hartzen du Arnas Gelako eskola bakoitzean, segurtasun distantziak bermatu eta arriskurik gabe natura eta espazio irekiaz gozatzeko. «Konfinamenduak iraun bitartean ikasleek denbora luzea eman zuten itxita, eta gaur egun, halako egoerak errepikatzen dira oraindik ere. Hori dela eta espazio irekietan egindako lana indartzen ari gara», adierazi dute Egiluzetik.
Hondarribikoaz gain, Errenteria-Oreretan kokatuta dago Egiluzeko Oarso Bidasoko bigarren ikastetxea.