Gospel zikloa egingo dute Hondarribian, lau emanaldirekin
Larunbatean hasi eta asteartera arte luzatuko da zikloa. Herriko lau elizatan egingo dituzte emanaldiak, denak doan, baina gonbidapenarekin.
Gospelaren doinu goxoak maite dituztenak zorioneko dira. Bihartik hilaren 15era arte (asteartea), musika estilo horretako lau kontzertu egingo dituzte Hondarribian. Herriko eliza banatan egingo dituzte emanaldiak. Horietarako sarrerak doan dira, baina gonbidapena eskuratu behar da, Arma Plazan edo Kutxabanken Interneteko sarreren zerbitzuaren bidez.
Biharko lehen emanaldia 19:00etan da, Portuko elizan. Agusti Burriel Bartzelonako abeslariak gospel garaikidea eta Gabonetako klasikoak uztartuko ditu. Astelehenean berriz ere ariko da Burriel herrian, kasu horretan, Amuteko elizan (19:30).
Igandean, berriz, talde gospela Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizan (19:00). Donostiako Goiko Gela taldeak euskaraz eta ingelesez interpretatuko ditu southern gospel estiloko obrak. Pianista batek eta lau abeslarik osatzen dute Goiko Gela.
Asteartearekin bukatuko da Hondarribiko gospel zikloa. Mendeluko elizak (20:00) Evening Prayer bikotearen ahotsak jasoko ditu: Lidia Insausti eta Iñaki Miguelek osatzen dute taldea, biak donostiarrak.