Dena prest Hondarribiko Euskal Liburu eta Disko Azokarako
Durangon bezala Hondarribiko azokan erostera animatu ditu Txomin Sagarzazuk herritarrak, «euskarazko industria horren atzean lan handia dagoelako».
Hondarribiko Liburu eta Disko Azokak ateak zabaldu ditu beste urte batez Arrantzale auzoan. Gaurtik igandera bitartean luzatuko da, goiz eta arratsaldez. Gaur egin dute aurtengo ekitaldiaren aurkezpena Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Asier Muniategi Euskal Liburu eta Disko Azoken koordinatzaileak.
Durangoko Azoka zein Hondarribikoa izan ditu hizpide Sagarzazuk, eta «beste urteetan garrantzitsua izan bada, aurten are garrantzitsuagoa» izango dela adierazi du. «Gure herritarrei liburuak erostea adierazi nahi diegu, Durangon bezala, Hondarribian ere, euskarazko industria horren atzean lan handia dagoelako».
Muniategik bere aldetik «esker onak» eman dizkie herritarrei, eta aurten, pandemiaren urtea bada ere, umorea aldarrikatu du: «Azoka hemen dugula esan jendeari, eta esan Sagastizabal [Joxean] hemen daukagula. Euskal umorea ere irakurri, beti ere triste edo serio gaudelako». Garai zailetan irakurzaletasunaz gain, «umorea» bultzatzera animatu ditu hondarribiarrak.
Itzultzaileei saria
Muniategi eta Sagarzazurekin batera, Josu Zabaleta itzultzaile eta idazleak parte hartu du gaur goizeko agerraldian. Hondarribiko Euskal Liburu eta Disko Azokako 2020ko saria jaso du Zabaletak, itzultzaile lanetan aritzeagatik errekonozimendua. «Oso pozik eskaintzen diot saria Josu Zabaletari», adierazi du Sagarzazuk. Itzultzaileen figura goraipatu du, era berean, agintariak: «Momentu honetan itzultzailearen egitekoa idazlearen parean jarrita dugu, edo goraxeago agian».
Zabaletak saria eskertu du, eguraldia eta egoera bereziaren gainetik itzulpengintzari ematea erabakitzeagatik. Haren ustetan, «ez daude idazleak eta itzultzaileak, dena da literatura». Areago, euskal literatura zatituta dagoela iritzi dio, «badirudi oraindik ere bitan edo hirutan banatzen dela». Hala, dena bateratzean «gauzak asko aldatuko» direla erantsi du. Sagarzazuk, halaber, Zabaletaren iritzia berretsi du: «Egia da gure itzultzaileek euskal literaturari egin dioten ekarpena maila handikoa den euskarari bideak zeharo zabaldu dizkiola».