Etorkizuneko nazioarteko geltokiak izango duen itxura aurreratu du Adif-ek
3D irudiz osatutako bideo bat kaleratu berri dute. Honetan, etorkizuneko geltokiko bidaiarientzako eraikinak izango duen itxura irudikatu dute, kanpo zein barrutik.
Irungo etorkizuneko nazioarteko geltokiaren beste aurrerapen bat eman berri du Adifek. Zehazki, Via Irun proiektuan aurreikusitako geltoki berriko bidaiarientzako eraikinak izango duen itxura aurreratu dute, 3D irudi bidez, bideo batean. Kanpo zein barruko irudiak ikus daitezke bertan, finean, proiektuarekin maketa bat osatu dute. Esteka honetan ikus daiteke.
Adif-etik azaldu dutenez, Abiadura Handiko Trena Irundik pasatzeko egokituko dute geltoki berria. Gainera, auzoa berregituratzeko baliagarria izango da proiektua, eta hiriko hegoaldea iparraldearekin lotzea errealitate bilakatuko dute (egun trenbide eremuak sortzen duen zatiketa hori desagertuz). Hala, zubi itxurazko eraikin bat diseinatu dute kaleratu berri duten maketan, «modernoa eta eraginkorra». Eraikin horretan atari ezberdinak egingo dituzte, tren zerbitzu guztiek bertan geltokia izan dezaten.
Bidaiarientzako eraikin berrirako 34,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute, 14 milioi errailak egokitzeko eta 6 milioi ingurua eta erakina hiriarekin konektatzeko pasarela bat egiteko.