Adineko egoitzetako langileek grebara jo dute, berriz ere
Arazoari irtenbidea emateko helburuarekin, Gipuzkoako udaletxeen kanpoaldean elkarretaratu dira gaur goizean, udalek aldundia «interpela» dezaten eskatzeko.
ELA eta LAB sindikatuek deituta, gaur eta bihar greba egunak dituzte adineko egoitzetako langileek enegarrenez. Gipuzkoako hamaika udaletxeen atarian egin dituzte elkarretaratzeak gaur goizean, baita Irunen eta Errenteria-Oreretan ere, egoera desblokeatzeko udalek Aldundia «interpela» dezaten eskatuz.
Sindikatuetako ordezkariek argi adierazi dute egoera «oso larria» dela. Xabier Udabe ELAko ordezkariak, «pandemiaren aurretik, pandemia garaian, eta gauzak aldatzen ez badira, pandemia ondoren ere». Vanessa Pan LABeko ordezkaria ildo beretik mintzatu da, eta esandakoaren arabera, «COVID-19aren aurretik gaizki baginen, pertsonal falta eta zeharo estresatuak, gaitzak agerian utzi duena da sistema hautsi dela, ez dela baliagarria».
Hitzarmenik ez
2017. urtetik ez dute lan hitzarmenik egoitzetako langileek. Ratioen eta lan baldintzen hobetzea, eta erabiltzaileek jasotako arreta eredua aldatzea aldarrikatu dute, «gero eta prekarioagoa delako egoera», azaldu du Panek. «Sistema publikoa bada, horretan dirua inbertitzea ezinbestekoa da, langileen zein erabiltzaileen hobe beharrez».
Langileek bizi duten etengabeko «arriskua» agerian utzi nahi izan du Udabek bere aldetik. Erresidentzietako kutsatze kopuruei erreparatuta «arrisku erreala» bizi dutela zaintzaileek adierazi du: «Oraintxe bertan adierazi zaigu beste bederatzi positibo izan direla Sanmarkosene egoitzan Errenteria-Oreretan, eta honek ez du etenik».
Aldundiak adineko pertsonak zaintzeko garatutako eredua da «auzitan» dagoena, bi ordezkarien ustez. «Titulartasun publikokoa izan arren, erabat azpikontratatua dago», azaldu du Udabek, «zerbitzuaren %90 Diputazioarekin kontzertatuta dago. Negozioa da, negozio hutsa enpresa askorentzat».
Bihar, manifestazioa
Greba eguna izango dute bihar, berriro, adinekoen egoitzetako langileek. Gipuzkoa mailako deialdia ere da biharkoa, eta Aldundiak euren aldarrikapenak entzun ditzan manifestazioa abiatuko dute Gipuzkoa plazatik, 11:00etan.