Gabonetako Krosak ez ditu hiriko kaleak zeharkatuko aurten
Azkenaldian egungo egoerara egokitutako araudia eta protokoloak lantzen aritu den arren, bertan behera uztea erabaki du BATek.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) jakinarazi berri duenez, aurten ez da Gabonetako Krosik egingo. Gabonetako ohiko lasterketa bertan behera uztea erabaki berri du zuzendaritzak. «Azken hilabeteotan gogor lan egin dugu egungo egoerara egokitutako araudia eta protokoloak egiten, ekitaldiak antolatu ahal izateko, betiere segurtasuna lehenetsiz. Baina, gure ustez, egungo egoera ikusita, ez da une egokia ekitaldi hauek antolatzeko», esan dute zuzendaritza batzordeko kideek.