Udal aurrekontua osatzeko ehundik gora proposamen aurkeztu ditu Abotsanitzek
Aurrerapausoak emateko itxaropenarekin, udal taldeak irudikatutako «hiri berri baten ezaugarri nagusiak» biltzen ditu zerrendak.
Datorren urteko udal aurrekontua osatzeko 116 proposamen aurkeztu ditu Abotsanitz Herri Batzarrak, Igor Enparan bozeramaileak gaur goizean ezagutarazi duenez. 2021 «aukeren urtea» izango dela sinetsita, udal taldeak irudikatutako «hiri berri baten ezaugarri nagusiak» biltzen dituen proposamenen zerrenda osatu du, eta horrek, besteak beste, ondoko irizpideak jasotzen ditu: bertan bizi eta lan egitea; hondarribiar guztien beharrak kontuan hartzea; ingurumena zaintzea; eta euskaraz jardutea. Ildo horretan, proposamena egokien irudikatzen duten 25 ekarpen nagusiak zehaztu ditu udal taldeak.
Alderdiak osatutako zerrendatik, 101 proposamen (6.677.000 euro) aurrekontuan txertatzeko prestatu dituzte; beste hamabostak, aldiz, kreditu aldaketara (5.411.000 euro) bideratzekoak dira, bozeramaileak argitu duenez. Ekarpenen artean, «inbertsio eta proiektu handi batzuk» dauden arren, «horien garrantzia bera duten aurrekontu baxuagoko dozenaka proposamen» bildu dituzte, tartean, Abotsanitz Auzoka dinamikaren baitan herritarrek egindako hainbat iradokizun eta proposizio ere.
«Egingarria»
Abotsanitz Herri Batzarrak aurkeztutako proposamenen zerrenda «guztiz egingarria» dela ziurtatu du bozeramaileak, «finantzatzeko diru-sarrera guztiak aintzat hartzen dituelako». Areago, EAJren udal gobernuak ez bezala, «Madalenaren Kuboagatik eta Montañeneagatik udalak jasoko dituen 4,5 milioi euroak barneratzen ditu» Abotsanitzen proposamenak. Hortaz, tokiko gobernuak aurkeztutakoa baino 4.177.000 euro handiagoa da aurrekontua, hots, 28,8 milioi eurokoa. Era berean, azken urteetan eguneratu ez diren hamalau partida gaurkotu ditu alderdiak, Enparanek esan duenez.
Jeltzaleen proposamenari dagokionez, «zaharkitutako aurrekontu proiektua» dela iritzi dio bozeramaileak, baina benetako arazoa «exekuzioa» dela onartu du: «Askotan aipatu dugu aurrekontuaren zati handi bat gauzatu gabe geratzen dela, eta proposamen honek, iraganetik datorren eredu bat errepikatu egiten du». 2021. urtea «giltzarri» izango da, eta proiektu estrategikoei heldu ezean, «ez gara gai izango agintaldi honetan horietako bakar bat martxan jartzeko».
Herri batzarrak ekoitzitako proposamena gainontzeko udal taldeen esku dago orain astebete, nahiz eta bozeramaileak aitortu duenez, ez da negoziaziorik eman, eta beraz, bihar egingo den Ogasun Batzordean gertatzen dena ikusteko dago oraindik. Hala ere, haren alderdiak 2021eko aurrekontuei eskatzen diona argitu nahi izan du: hiri baterako ardatz nagusietan oinarritzea, batetik, eta aurrekontuaren gauzatzea bermatuko duen organo bat eratzea, bestetik.
Astelehenean, batzarra
Abotsanitz udal taldeak herri batzarra deitu du astelehenerako, nahiz eta osasun egoera medio, momentuz, zein baldintzetan egingo den zehazteke dagoen. Hala ere, militantziak erabakiko du tokiko gobernuaren udal aurrekontu proposamena babestu ala ez, Enparanek azaldu duenez. Abotsanitzen botoa euren proposamenek jasotako trataeraren araberakoa izango da, eta aurreratutakoaren arabera, osoko zuzenketa aurkeztea ez du aurreikusten herri batzarrak, bai ordea, aurrekontu proposamen alternatiboa.