Asteburua oparoa izan dute BATeko emakumeek
Liuba Maria Zaldivarrek klubeko errekorra hautsi du salto hirukoitzean eta Carmen Mercedes Hernandez Espainiako txapeldun izendatu dute, 10 km martxa modalitatean.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) neskak fin aritu dira asteburu honetan. Alde batetik, Liuba Maria Zaldivarre lehiaketetara itzuli da, eta nola gainera. Hilabete luzeko etenaldiaren ostean, maila onean dagoela erakutsi du asteburuan Brasilen egindako meeting-ean, salto hirukoitzean hain zuzen ere.
Zenbait saiakeren ostean, 13,74 metroko saltoa egin zuen Zaldivarrek. Marka honekin, errekor berri bat ezarri du, BATen errekorra hain zuzen ere. «Sentsazio onak izan ditut asteburuan. Pozik gaude. Oraindik lehiaketaren erritmotik kanpo gaude, baina sentsazioak oso onak dira. Datorren astean Quiton izango naiz, Ekuadorreko Txapelketa nagusian, eta espero marka hori gainditu ahal izatea», esan du kirolariak.
Bestetik, klubeko Carmen Mercedes Hernandez Espainiako txapeldun izendatu dute, 10 kilometroko martxan. Getafen eskuratu du urrezko domina, 1:00:06ko markarekin.