Irungo Ahal Duguko inskribatuen %90ak gobernu akordioa berretsi du
PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren arteko akordioa begi onez ikusi du militanteen gehiengoak. Asteburuan zehar galdetu diete inskribatuei.
Irungo Ahal Dugu taldeko militanteen gehiengoak begi onez ikusi du Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EEren arteko udal koalizio berria. Asteburuan zehar Ahal Duguko inskribatuei honako galdera egin diete: «Ados al zaude Irunen koalizio gobernu aurrerakoia eraikitzearekin?». Bada, gehiengoak, %90ak zehazki, berretsi du akordioa.
Akordio honekin, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldaren eta sozialisten arteko «Euskadiko lehenengo koalizio gobernua» izango dela nabarmendu dute taldetik. «Horrek frogatu egin du beste alternatiba bat dagoela indar aurrerakoien arteko akordioak egiteko, hain zuzen ere egungo egoera sozioekonomikoan hiritarrei erantzunak emateko prest izango dena, gizarte-eskubideak Irungo bizilagun guztiei zabalduz», erantsi dute taldekoek.