«Udalaren erantzunak kutsu agintzailea du»
Irungo artisten kolektiboak beste gutun berri bat bidali dio udalari, asteko bigarrena, Kultura KM0 egitasmoko diru laguntzekin kezkati oraindik.
Irungo artisten kolektiboak beste gutun berri bat bidali die Jose Antonio Santano alkate eta zinegotzi guztiei, asteko bigarrena, Kultura KM0 egitasmoko diru laguntzekin kezkati oraindik. Joan den astean exijitu zioten udalari hautaketa prozesua eta subentzioa eskatzeko zein bide hartu behar ziren argitzea. Bada, bidalitakoari erantzun diotela azaldu dute lehenik, baina «modu oso laburrean» salatu dutenez. «Jaso dugun erantzunak kutsu agintzailea du, gainera kontuan hartu gabe lagundu nahi duten kolektibo horren parte garela gu», diote amorruz.
Berriro deialdiaren berri hedabideen bitartez izatea leporatu diote alkateari. «Idatzizko prentsa, sare sozialak eta prentsa oharrak ez dira medio ofizialak, inor ez baitago behartuta prentsa irakurtzera, interneten sartzera edo sare sozialetan ibiltzera», erantsi dute amorruz. Horri lotuta, nabarmendu dute Irun Aurrera planean ez dela Kultura KM0 egitasmoarekin lotutako ekintzarik jaso.
Proiektu hau ere «helburu propagandistikoarekin» egin dutela leporatu diote udalari, baita enpatia eza. Gainera, diru laguntza eskatzeko bideak ere egokiak ez direla salatu dute. Izan ere, email bidez jakinarazi behar zuten hiriko artistek diru laguntza jasotzeko interesa zutela. «Jokaera onek zalantzak besterik ez ditu planteatzen».
Amaitzeko, kolektibo artistek Kultura KM0 egitasmoko laguntzak jasotzeko garrantzia eta premia nabarmendu nahi izan dute, egoera kezkagarri honetan. «Udalari animatzen diogu egitasmo hau urte osoan zehar ere zabaldu dezan».