Emaitza «onak» medio kontsumo bonuen kanpaina luzatu du udalak
Izen emate epea berriz ere zabaltzeaz gain, 250 bonu gehiago eskuragarri izango ditu orain arte kanpainan parte hartu duen saltoki bakoitzak.
Merkataritza bonuen kanpainarekin aurrera jarraituko duela jakinarazi du Hondarribiko Udalak. Iniziatibak emandako emaitza «onak» medio hartu dutela erabakia adierazi du Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.
Hortaz, batetik, izen emate epea berriro zabalduko dute, eta bestetik, 250 kontsumo bonu berri jarriko ditu dagoeneko kanpainara atxiki diren herriko saltokien eskura. Azken horretarako, Serranok argitu duenez, ez dute ezer egin beharko merkatariek automatikoki berrituko baitira bonuak.
Izen emateko interesa duten lagunek ondoko posta elektronikora mezu bat bidali behar dute zenbait datu adierazita: izen komertziala, sozietatearen izena, enpresaren jardueraren deskribapen laburra, IFK, langile-kopurua, helbidea, posta kodea, harremanetarako pertsona eta kargua, helbide elektronikoa eta telefonoa, IBAN, eta ekonomia jardueren gaineko zergaren ziurtagiri historikoa. Horrez gain, saltokiaren argazki bat bidaltzeko ere eskatu die interesdunei udalak.