Iñigo Lavadok eta Taxi Bidasoak indarrak batu dituzte
Jatetxe irundarrak taxi zerbitzua erabiliko du janaria bezeroen etxeetara eramateko, eta eskualdeko ostalariak animatu ditu egitasmoarekin bat egitera. Sortzaileen arabera, «bezeroarentzako erraza eta erosoa» izango da.
Iñigo Lavado sukaldariak eta Taxi Bidasoak egitasmo berri bat sortu dute elkarlanean. Janaria etxean jasotzeko eredu berri bat bultzatu nahi dute Bidasoan, pandemiak gogor astindu dituen ostalariei bultzadatxo bat emateko. «Oraingo honetan, etxea epizentrotzat duen kontsumo eta aisialdi modu berri bati erantzun nahi zaio, eta taxien sektorearekin bat egin, taxiak eurak arduratu daitezen etxean azkar eta kalitatez entregatzeaz», esan dute gaur Ficoban eskaini duten agerraldian.
Iñigo Lavadok jada martxan du zerbitzua, eta eskualdeko ostalariak animatu ditu harekin bat egitera.
Diseinatu duten esperientzia «bezeroarentzako erraza eta erosoa» izango dela argudiatu dute sortzaileek. Eskaerak Whatsapp bidez egin beharko dira, jatetxearekin zuzenean harremanetan jartzeko. Bertan, izena, helbidea eta eskaera adierazi beharko dira, eta Bizum bidez ordaindu. Eskaera prest dagoenean, taxia bezeroarekin komunikatuko da, eta etxeraino eramango du. Hala, zerbitzua «modu seguru eta erosoan» eskainiko dutela erantsi dute, «mahai baten inguruan une bakarrik eraikiz».
Proiektuaren helburua Bidasoko jatetxe batzuen gidari izatea da, baina baita ere «eskualdeko hainbat sektoreren arteko loturaeragile izatea», bereziki egungo egoera bezalako batean.