Aireportuaren lehiakortasuna areagotzea ezinbestekotzat jo du Eneko Anduezak
Aireportuen kudeaketa datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dela-eta egin ditu adierazpenak Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak.
Hondarribiko aireportuaren lehiakortasuna «areagotzeko» beharra azpimarratu zuen Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailean ostiralean egindako interbentzioan. Espainiako Gobernuarekin transferentzien eskualdaketa bete dadin sinatutako akordioaren harira, aireportuen kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuko dela-eta egin zituen adierazpenak Anduezak.
Datozen hilabeteetan burutuko dutela eskualdaketa aurreratu zuen idazkariak. Haren ustez, tokiko kudeaketa ezinbestekoa izango da aireportua «motor ekonomiko» bihur dadin. Ildo horretan, gai honen inguruan alderdi guztiek sinatutako hitzarmen zabala eta aho batez onartutako zuzenketa transakzionala txalotu zituen Anduezak.
Hori horrela, azken urteetan Donostiako Aireportuaren «segurtasuna, eraginkortasuna eta kalitatea» bermatzeko egindako aurrera urratsak nabarmendu zituen agintariak, nahiz eta ingurumenagatik kezka adierazi duen, aerodromoa eta Plaiaundi parke ekologikoaren arteko gertutasuna nabarmenduz.