Udal gobernu berriaren akordioaren ondorioz, «gobernuak zentralitatea galduko» duela uste du EAJk
Formazio moreko kideen sarrerari esker, «udal politika erradikalizatuko» dela uste du Xabier Iridoy bozeramaileak.
Irungo EAJ taldeak ere joan den astean egikaritutako PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren arteko gobernu akordioaren gaineko gogoeta elkarbanatu nahi izan du irundarrekin. Horretarako agerraldia eskaini dute gaur batzokian taldeko Josune Gomezek eta Xabier Iridoyk.
Elkarrekin Podemos-IU Jose Antonio Santano alkatearen aurkako zentsura mozio bat eskatzetik bere gobernuan integratzera pasatu dela esanez hasi dute gaurko agerraldia. Are gehiago, «Santanok fede onez jokatu ez zuela esatetik, larritasun handiko iradokizunetan part hartzetik eta osoko bilkurak gaitzespen politikoa eragin zuela esatetik gobernuan integratzera igaro» dela leporatu diote formazio moreari.
Agintaldiaren hasieratik esan dute jeltzaleek Santanok ez zuela ezer nahi EAJrekin, eta ordutik gaurdaino «konstantea» izan dela jarrera hori. «Guk ez dugu alkatearen proposamen zehatzik jaso akordio batera iritsi ahal izateko. Hasieratik egiaztatu ahal izan genuen alkateak Elkarrekin Podemosekin eta EH Bildurekin elkarrizketak eta negoziazioak lehenesten zituela», esan du Iridoyk.
Udal gobernu akordio berri honen ondorioz, «udal gobernuak zentralitatea galdu» duela uste dute jeltzaleek, eta formazio moreko kideen sarrerari esker, «udal politika erradikalizatuko» dela aurreikusi dute.
Oposiziotik Irungo arazoei erantzuteko proposamenak egingo dituztela ere esan dute gaurko agerraldian. Are gehiago. «Irunerako onak badira», udal gobernuak aurkez ditzakeen proiektuak babestuko dituztela esan dute, baina ere berean adi egongo direla gobernuaren ekintzaren jarraipena eta kontrola egiteko. «Irungo EAJk oposizio demokratikoa, eraikitzailea eta, batez ere, alternatiboa garatzen jarraituko du. Alternatiba funtsean eta forman. Irunek aldaketa politikoaren norabidea hartu behar du. Egoera hori denboran hurbiltzea izango da gure helburu politikoa, beti Irunen alde lan eginez, Irungo herritarrei entzunez».