Lapitzerako Auzo Plana osatu dute, «bizitzeko leku atseginagoa izan dadin»
«Herritarrak beren orainaren eta etorkizunaren benetako protagonista izan daitezen» ekin dio Hiritik At-ek planari. Azken urtean auzoko talde eta erakundeen kezkak eta proposamenak jaso dituzte.
Iaz San Miguelen egin zuten bezalaxe, orain Lapitze auzoari heldu zaio auzotarrekin batera Auzo Plana garatzeko unea. Azken urte honetan auzoko eragileen, erakundeen eta udalerriko alderdi politikoen parte hartzearekin landu du Elitxu Auzo Elkarteak, aldundiaren babesarekin, eta Hiritik At kooperatibarekin laguntza teknikoarekin.
Prozesuan zehar auzokoen eta auzoko talde eta erakundeen kezkak eta proposamenak jaso eta egiaztatu dituzte, eta guzti horiek alderdiekin alderatu dituzte. Prozesu horren emaitza da aurkeztu berri duten plan hori.
«Plan hau oso lan tresna erabilgarria da guretzat, eta datozen urteetan gure auzoan lanean jarraitzeko aukera emango digu, gure helburua bizilagunen ongizatea izanik, hau lortzeko behar diren jarduera ildoen eta bideen ikuspegi argiagoa izango dugu», esan dute Elitxu Auzo Elkarteko kideek.
Finean auzoa eta hiria «bizitzeko leku atseginagoa izan dadin» ekin diote Auzo Planari, «herritarrak beren orainaren eta etorkizunaren benetako protagonista izan daitezen».
Pandemiaren baldintzapenek uzten duten neurrian plana osorik aurkezteko asmoa dute bizilagunek eta Hiritik At-ek.