«Pertsonak ardatz» dituen aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak, Sagarzazuren arabera
24 milioi euro pasatxo kudeatuko ditu Hondarribiko Udalak 2021. urtean. Aldundiak azaroaren 12an hartutako erabakien ondorioz atzeratu da aurrekontuak onartzeko prozedura.
2021. urteko udal aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak prentsa aurrean. Pandemiak zehaztutako proposamena da EAJren gobernu taldeak aurkeztutakoa, eta agintariek nabarmendu nahi izan dutenez, pertsonak eta familiak, herritarrak oro har, ditu ardatz dokumentuak, eta ildo horretan, gastu soziala lehenetsi dutela erantsi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 12an hartutako erabakien ondorioz prozedura atzeratu egin dela azaldu du Sagarzazuk, baina hala ere, positiboki baloratu ditu: «Aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak eraginik gabe utzi ditu, eta gastu araua ez da aplikatuko ez 2020an, ezta 2021ean ere». Gainera, Hondarribiko Udalari aurrekontuetan baimendutako defizita 1,8 milioi eurokoa izango da.
Hori horrela, 24.646.860 euroko aurrekontua kudeatuko du udalak datorren urtean. Egindako proposamenaren arabera, gastu sozialera bideratuko dute aurrekontuaren zatirik handiena, %32 pasatxo, 8 milioi eurotik gora, Altunak esplikatu duenez. Horrez gain, ekonomia suspertzeko 1,5 milioi euro aurreikusi ditu tokiko gobernuak, eta beste 7 milioi euro udal administraziorako. Diru sail nagusiak ondoko webgunean eskuragarri jarri ditu gobernu taldeak.
Prozesua
Azaroaren 20an helarazi zitzaien gainontzeko udal taldeei 2021eko udal aurrekontu proposamena, alkateak adierazi duenez. Orain, beraz, zuzenketak aurkezteko eta negoziaketak abiatzeko unea da udal alderdientzat, hilaren 10ean bilduko den Ogasun batzordean osatuko baitute aurrekontuen diktamena. Hilaren 17an bilduko da Hondarribiko Udalbatza aurrekontuak bozkatzeko.
Parte hartzea, berritasuna
Hainbat udalerrietako esperientziari erreparatuta, aurten lehen aldiz, herritarrek udal aurrekontuaren parte bat erabaki dezaten parte hartze prozesua zabaltzeko asmoa agertu du Sagarzazuk. Proposamenak jaso eta diru-sail batzuk identifikatzea ezinbestekoa dutela adierazi du, azkenik, bideragarriak ote diren erabakitzeko. Berritasun honen gaineko xehetasunak aurrerago azalduko dituztela iragarri du.
Bukatzeko, Europako Batasunak COVID-19 gaitzari aurre egiteko abiatutako funtsa berezien deialdian hainbat proiektu aurkeztea aztertzen ari direla gaineratu du Sagarzazuk.